Mendiriz mendi
Mendiriz Mendik hilabete honetan proposatutako ibilbidea Araia (Araba) eta Arantzazu (Gipuzkoa) artean dago. Zatirik haundiena Gipuzkoako partean egon arren, gailurra Arabako partean dago, eta bertako laugarren gailurrik altuena da.
Nola iritsi
Hernanitik
N-1 errepidea hartu Gasteizko norabidean. Altsasu igaro ondoren, kilometro batzuk aurrerago, Araiara eramango gaituen bidegurutzea dago.
Ibilbidearen deskripzioa
Kale nagusia jarraituz, herritik aterako gara eta Zalduondorako bidea ezkerrean utzi ondoren, Ajuria lantegi hondaturaino eramango gaituen bidea hartuko dugu. Ajuriako lantegian metal industria lantzen zen eta Araian industria arloaren garrantzia erakusten dute.
Ajuriako lantegira iritsi baino lehenxeago Ziraunka erreka zeharkatu behar da. Berehala aldapa gogor bati ekingo diogu. Aldapak, ‘Bagoneten aldapa’ esaten zaionak, San Migel haitza inguratuz, Morutegiko gaztelura (863 m) hurbilduko gaitu. Gaztelura igotzeko, bidean atzera egin behar da piska bat eta harkaitzetan igo (eskaladako II mailako pasagunea). Bertatik eskaintzen zaigun ikuspegiak bidetik ateratzea merezi du.
Bideari ekinez, berehala Iturriotz iturri albotik pasatuko gara. Aldapa gora eginez, beti ere basoan barrena, Azkosaroi lepora iritsiko gara. Azkosaroiko zelaiaren bazterrean bertako borda dago. Bordak aterpea eskainiko digu eguraldi txarrak mendian harrapatuz gero, alde bat irekita baitauka bertan sua egiteko aukera ere eskainiz.
Behin lepora helduz gero, bertatik jo dezakegu gora, aldapa gogor bati ekinez, baina bide politagoa da San Adrian aldetik igotzen den bidearen bila joatea eta bertatik igotzea. Horretarako, pagadian barrena sartuta, marra zuri-gorriei jarraitu iparmendebalderako bizkarrera heldu arte. Handik gora igoera nabarmena da, basoa atzean utzi ondoren. Aratz Zelaia zeharkatu ondoren, apur bat gorago, Elurzuloak (1.431 m) gailurrera iritsiko gara. Elurzuloak Aratzen aurregailurra da eta inguru honetan, izenak dioen bezala, bi sima handi daude. Bertikalki ia 100 metroko sakonera dute eta, sarritan, urte osoan gordetzen dituzte neguan jasotako elurrak. Zertxobait aurrerago Artazeko gailurra dago. Bertatik paisaia ikusgarriaz gozatzeko aukera izango dugu.
Indarrak berreskuratu ondoren, bidean atzera egingo dugu eta San Adrianetik Urbiara doan bidea aurkitu arte maldan beherantz egin behar da. Jaitsiera galtzada erromatarren aztarnak dauden horretan bukatzen da. Bertan Eskaratzako iturria ere aurkituko dugu, egarria asetzeko leku aproposa.
Hemendik eki aldera egin behar da Urbiarako bidea jarraituz. Ordubete eskasean Urbiako larretan gaude. Urbian fonda zaharra dago mokadu bat hartzeko aukera emango diguna. Jan-edana emateaz gain, lotarako aukera ere badago, udaran aste osoan eta gainontzekotan asteburuetan bakarrik.
Bideari jarraitu behar zaio. Fondatik irten eta zertxobait igo ondoren Elorrako lepora iritsiko gara. Hemendik aurrera dena maldan behera da. Ordu erdi eskasean Arantzazun gara.
Kontu interesgarriak
Aizkorriren gertutasuna dela eta, Aratz mendia ez da hain ezaguna, baina nortasun handiko mendia da. Aratzek, bere izenari ohore eginez, ikusmira garbia eskaintzen digu Lautada, Urbasa edo Gipuzkoa aldera.
Aratz Arabako laugarren mendi garaiena da. Kararrizko mendi honek sumendi baten profila du eta erraz bereizten da urrutitik. Bitxikeri bezala esan, nahiz eta mendiaren zati gehiena Gipuzkoako partean egon, mugarriek gailurra inguratzen dutenez, mendiaren zati garaiena Araban dagoela.
Araia herria Altzaniako mendien magalean dago. Bertatik hiru Donejakue bideetako bat pasatzen zen, San Adriango galtzada jarraitzen zuena, hain zuzen. Nonbait Erdi Aroko erromesek nahiko gaizki pasatzen zuten Aratz mendia zeharkatzen eta ospe txar hura garaiko idatzietan jaso zen munduko mendirik altuena bezala aipatu baitzuten.
Mende batzuk lehenago, erromatarrek bazter hauetan bizi zireneko aztarnak oraindik antzemango ditugu ibilbidean. Horren lekuko, gaur egun Araiako elizako hormetan dauden erromatar hilarriak dira.
Araia gainean, San Migel haitzaren gainean upaturik eta labarrari desafio eginez, Morutegiko gazteluaren aztarnak daude. Kondairek diotenez, mairuek eraiki omen zuten; hortik datorkio Morutegi izena.