AMETSAK beti amets. Zenbat aldiz entzun ote dugu esaera hori. Batzuetan, ordea, ametsak amets izateari utzi eta errealitate bilakatzen dira. Zenbait kasutan gainera, norberaren lorpen horri jendearen babesa eta arrakasta publikoa gehitzen zaio. Halakorik posible dela baieztatzeko Harkaitz Martinezi (Añorga, 1975) eta Igor Otxoari (Donostia, 1973) galdetzea besterik ez dugu. Izan ere, Oreka TX taldeko bi txalapartariek euren ametsa zena gauzatzea lortu dute: txalaparta kultura, herri eta pertsona ezberdinak elkartzeko topaleku izatea.
12 urte orekan
Harkaitz Martinezek Hernanin ikasi zuen txalaparta jotzen. Gerora, Antiguan, Donostian, txalaparta irakasten hasi eta Igor izan zuen ikasle. Hortik, desio berdinak erakarrita, txalapartari bikote egin ziren. Izan ere, euren aurreko bikoteek egin ez bezala, karreran ikasitakoan lan egiteari uko egin eta txalapartaz bizitzea erabaki zuten. Kepa Junkerarekin aritu ziren bikote egin hasi berritan, eta 1997an, ofizialki bikote egin ziren Oreka TX taldea sortuta. Hala, 2001ean kaleratu zuten estreineko diskoa: Quercus Endorphina.
Harkaitz eta Igor, ordea, ez dira horregatik egin hain ezagun Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Arrakasta txalapartaz duten ikuspegiagatik eta, hori ardatz hartuta, gauzatu duten eta gauzatzen ari diren proiektuagatik lortu dute. Eta Nömadak TX proiektuarekin jendearengana heldu badira, «atzean benetan ideia sinplea eta umila dagoelako» izan dela uste du Harkaitzek.
Musika-tresna
baino gehiago
Proiektuak bi musikarien nahia azaltzen du eta biek txalaparta eurentzat baliogarria den ulertzeko moduarekin lotu dute. «Musika tresna berezia da. Bi lagunen artean jotzen da eta topaldi horretatik sortzen den musika ez da inorena, elkarren arteko elkarrizketa eta topaketa baizik». Modu berean, kultura ezberdinen arteko elkarrizketa ere izan daitekeela erakutsi digute Harkaitz eta Igorrek. Alegia, kulturak baltseoan aritzeko dantzaleku aproposa dela txalaparta.
Zorte handia
Txalapartaren inguruan beste doinu, musika eta kulturak elkartzeko irrika horrek bultzatuta, bidaia ezberdinak egin zituzten 2003tik hasita. Indiako adivasiekin, Sami herriarekin, Marokoko amazigh-ekin, Saharaui herriarekin eta Mongoliako chatanekin ibili ziren. 2006an, bertan bildutako irudi eta doinuekin filma eta diskoa sortu zituzten. Donostiako Zinemaldian estreinatu zen filma eta arrakasta handia lortu zuen. Ordutik, bi urtez, munduko festibaletan filma aurkezten ibili dira eta 15 sari inguru lortu dituzte.
Filmean herri ezberdinetako nomaden bizimoduarekin bat egiten, harrizko nahiz izotzezko txalapartak egin eta jotzen, zaldi gainean ibiltzen... ikus ditzakegu. Harkaitzek Kronikari esandakoaren arabera, proiektuan, orokorrean zorte handia izan dute. «Oso irekia izan da eta batzuetan arriskatu egin gara. Txalapartak egiteko materialarena adibide bat da, baina, batez ere, nomadak aurkitzerako garaian arriskatu ginen. Ez genekien zehazki non egongo ziren ezta aurkitzerik izango genituen ere».
Txalaparta lanbide ez ezik bizibide ere badute bi musikariek eta ondorioz, azken urteotan nomada gisa bizi izan dira. Hori bai, Harkaitzek dioen bezala, nomada pribilegiatu gisa. «Esaterako, guk ez dugu sekula herri horietara bidaiatzeko oztoporik izan, alderantziz ordea bai. Hori oso esanguratsua da».
Aurrenekoa
bezalakorik ez
Proiektua modu atipikoan gauzatu dutela nabarmendu du Harkaitzek eta laguntzarik gabe ez zutela lortutakoa lortzerik izango. Pixkanaka joan dira musikaz bizitzeak dakartzan eginbehar guztiez jabetzen eta horrek guztiak txalaparta ikasteak baino lan gehiago eman diela dio. Dena dela, aurreneko aldia bezalakorik ez dago bere iritziz. «Esperientzia edukitzeak baditu alde ona eta txarra. Onena da badakizula gauzak nola diren, eta txarrena egin behar diren modura egiten dituzula. Ezjakintasunean gauzak modu batera egiten asmatzen duzu eta horrek aurreneko aldirako bakarrik balio du».
Jarrera kontua
Askotan esan da musika hizkuntza unibertsala dela, baina Harkaitzek eta Igorrek ez dute sinesten hori horrela denik. «Kultura bakoitzak bere doinuak eta erritmoak ditu. Gainera hori horrela ez balitz ez luke graziarik. Elkar ulertzeko behar dugun bakarra elkar ezagutu nahi izatearen jarrera da.» Eta euren proiektuaren funtsa izan den ´Martxa baten lehen notak` abestiak dioen bezala: «...Bakoitzak urraturik berea/ denon artean geurea/ etengabe gabiltz zabaltzen/ gizatasunari bidea... /Inon ez inor menpekorikan/ nor bere buruaren jabe/ herri guztiok bat eginikan/ ez gabiltz gerorik gabe».
«Nömadak TX`» proiektuak luzerako du oraindik, baina jada sartu da azken fasean. «Nömadak TX Zuzenean» ikuskizuna martxan da, otsaila eta martxoa bitartean, Euskal Herriko antzoki nagusietan aurkezpen bira egin ostean. Urrutira joan gabe, hilaren 9an bertan, Usurbilgo polikiroldegian eskaini zuten emanaldia. Oreka TX taldeak bi urte behar izan ditu agertokietara itzultzeko, baina indarberriturik dator. Iaztik, Mikel Ugarterekin batera hirukote dira. Izan ere, instrumentazioa aldatzearekin formazioa ere aldatu egin dute. Beraz, emanaldiren batera joateko aukera izanez gero, ez zalantzarik izan. Eserlekutik mugitu ere egin gabe bidaiatzeko eta herri ezberdinekin bat egiteko modu bikaina izan daiteke.