Marian Beitialarrangoitia Alkatea epaituko dute ostegunean eta elkartasuna adierazteko ekitaldia antolatu dute bihar Tilosetan

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 16a, 02:00

MARIAN Beitialarrangoitia Hernaniko Alkatea epaituko dute maiatzaren 21ean Auzitegi Nazionalean, terrorismoa goratzea leporatuta. Iruñeako Anaitasuna kiroldegian, EAE-ANVren ekitaldi batean egindako zenbait adierazpenengatik epaituko dute, zehazki, euskal preso politikoei «maite zaituztegu» adierazteagatik, eta bereziki, Igor Portu eta Mattin Sarasolari. Egun batzuk lehenago espetxeratu zituzten Igor Portu eta Mattin Sarasola, ETAko kide izatea leporatuta. Atxiloketa aldian torturak jasan zituztela salatu zuten.

Epaiketa dela eta, eta Alkateari elkartasuna adierazteko, ekitaldia antolatu dute bihar, Tilosetan, eguerdiko 13:00etan. Ekitaldia azken egunetan Alkatearen alde izan den firma bilketaren bueltakoa izango da, eta bertan hainbat herritar eta gonbidatuk hartuko dute parte. Esate baterako, Xabier Silveira bertsolaria eta Porrotx izango dira, eta haiekin batean Hernaniko hainbat kirolari, dantzari, txalapartari, eta abar izango dira, eta baita Marian Beitialarrangoitia Alkatea bera ere.

Bigarren aldiz gai beragatik Auzitegi Nazionalean
Bigarren aldia da Marian Beitialarrangoitia gai honengatik Auzitegi Nazionalera deitzen dutela. Aurretik 2008ko urtarrilaren 25ean izan zen deklaratzen eta Santiago Pedraz epaileak auzia artxibatu eta baldintzapean aske utzi zuen. Ondoren, Fiskalak helegitea aurkeztu zuen eta Auzitegi Nazionalak helegitea onartu eta auzia berriro ere irekitzeko agindu zuen. Otsailaren 16an Santiago Pedraz epaileak auzia ireki egin zuen eta hamar eguneko epea eman zien kasu honetan akusazioa aurkeztu zuten Fiskaltzari eta herri akusazioari, epaiketarekin jarraitu ala ez, beren iritzia emateko. Bi aste geroago Fiskaltzak urte beteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa eskatu zituen Marian Beitialarrangoitiarentzat.

Pana parkeko auzia artxibatu egin dute
Bestalde, Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak artxibatu egin du Marian Beitialarrangoitiaren kontra, Jose Manuel Aristimuño Pana parkearen inguruan zegoen auzia. Dignidad y Justicia taldeak jarritako kereila izan da auzi honen oinarria. Parke bati ETAko kide baten izena jartzea delitua izan daitekeela argudiatu zuen taldeak. Marian Beitialarrangoitiak 2008ko ekainaren 2an deklaratu zuen auzi honengatik. Gaur egun parkean ez dago izen hori daramakien ikurrik, baina epaileak ohartarazi du berriro jarriz gero, auzia berriro ere irekiko duela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!