Ugaldetxo eta Olazar arteko bidea itxita joan den igandeaz geroztik, lurjauzia dela eta

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 16a, 02:00

komeriak dituzte joan den igandeaz geroztik, Olazartik gorako bizilagunek, izan ere, lurjauzi batek Ugaldetxo eta Olazar arteko bidea erabat itxi du, eta bere horretan dago, itxura guztien arabera, konponketa lanak luze joko baitu.

Hasieran bide erdia, gerora alderik alde
Lurjauzia lehengo igandean izan zen, hilak 10, iluntze aldera. Hasiera batean 20:30ak aldera lurjauziak bidearen zati haundi bat hartu zuen. Geroago ordea, gau partean, lurjauzia haunditu eta bide osoa hartu zuen alderik alde.

Komeriak
Geroztik Olazartik aurrerako bizilagunak ezin sartu eta ezin atera dabiltza, ez bada mendiko ibilgailuren batekin edo inguruko pistetatik oinez. Oraingoz lurjauziaren gaineko aldetik lehendik zegoen bidezidorra egokitu dute bizilagunek eta handik dabiltza nolabait. Etxea utzi behar izan duen familiarik ere bada.

Ez du erremedio erraza
Udalak bestalde, lurjauziaren tamaina ikusita, txosten geoteknikoa egitea eskatu die ezpondetan eta mendiko lanetan adituei, eta txostenaren zain daude, baina itxura guztien arabera, ez du erremedio errazik izango. Bestalde, adierazi du eroritako lurra ez dutela kendu, gero makinak igotzeko beharko delako lur hori. Bitartean Udala beste aukeraren bat begiratzen ari da, hain zuzen, mendiko pista egitea, Abillatseko zentraletik Bezkitaraino, eta Bezkitatik Olazarrera lehendik zegoen pista konpontzea. Orain arte jabe pribatuekin hitz egiten aritu dira beren lurretan sartzeko eta ostegunean hasi ziren lanak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!