Alkatearen kontrako prozedurarekin bukatzeko eskatzeko testuak aurrera egin zuen Giza Eskubide Batzordean

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 13a, 02:00

MARIAN Beitialarrangoitia Alkatearen kontrako epaiketa izango da maiatzaren 21ean. Honen bueltako testua aztertu zen astelehenean Giza Eskubide Batzordean, Gobernu Taldeak aurkeztutakoa. Testuak aurrera egin zuen, Gobernu Taldearen aldeko botoekin. EAJ-PNV, EA eta PPko ordezkariek aurka botatu zuten eta EBk ez zuen bozketan parte hartu. PSE-EEko ordezkaria ez zen batzordean izan. Batzordearen gehiengoaren oniritzia jasota, testua hurrengo plenoan bozkatuko da.

Konponbide demokratikoari ateak itxi
Idatzian, lehenik eta behin, indar konstituzionalek joko arau demokratikoak errespetatzen ez dituztela salatzen da: «indar konstituzionalek bide demokratikoak baztertuta, estatu politika garatu dute estatuaren botere guztiak erabilita, oinarrizko eskubide zibil eta politikoen errespetuari jaramon egin gabe. Beti ere, aldaketa politikoa klabe demokratikoan eman nahi duten sektore sozialen kontrako erasoa burutuz, politikoki ahultzeko asmoz eta konponbide demokratikoari ateak itxiaz». Honen harira, testuan aipatzen da begiratu besterik ez dagoela «makina bat Udalen osaketa, Foru Aldundi edo osatu berri den Gasteizko legebiltzarra». Marian Beitialarrangotia zerrenda buru duen papeletak 4.187 bozka lortu zituela gogorarazten da idatzian, eta salatzen da, Audientzia Nazionalaren jarrera: «Audientzia Nazionaleko epaile batek Estatu arrazoiak gidatuta, hauteskunde eguneko emaitzekin gustura ez, eta ‘n’garren maniobrari ekingo dio postontziek esan zutena trukatzeko». Epaiketa adierazpen askatasunaren kontrako beste eraso bat dela ere salatzen da idatzian: «zoritxarrez adierazpen askatasunaren kontrako estatu jarduera ez da berria gurean, irrati eta egunkariak itxi arazi diren herri batean». Gatazka politikoarekin bukatzeko subirotasunaren eta gatazkaren konponbide demokratikoa defendatzen duten eragileen elkarlanaren premia beharrezkoa dela azpimarratzen da idatzian, «gatazkaren bortxazko adierazpenak gainditu eta bake eta justizian oinarrizko gizartea eraikitze aldera».

Epaiketa bertan behera uzteko eskaera Idatzian, bukatzeko, hainbat adierazpen zehatz egiten dira, bozketarako:

•«Gogor salatzen da Hernaniko Alkatea epaitzeko erabakia»

• «Euskal preso politikoei besarkada bat bidaltzea adierazpen askatasunaren ariketa bat da. Ondorioz, eskatzen dugu bertan behera geratu dadila behin-betikoz Auzitegi Nazionalak Marian Beitialarrangoitiaren kontra irekitako prozedura, eta ez daitezela gehiago errepikatu hau bezalako izaera politikoaren kontrako jarduera judizialak».

•«Espainiako Auzitegi Nazionalak Marian Beitialarrangoitiaren aurka neurriren bat hartuko balu, Udal honek egun duen egitura eta ordezkaritza politikoa errespetatuko du».

•«Udalak azken eraso honen aurka herrian antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du, eta, era berean, herritar guztiak parte hartzera deitzen ditu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!