SAN Isidro eguna da ostiralean, baserritarrentzako egun haundia. Ospatzeko asmotan, goiz pasako festa antolatu dute Hernanin. Garai batean festa haundia egiten zen egun honetan herrian, baina urte askotan, ez zen meza besterik egin. Hala ere, antolatzeari berriro heldu zion herritar talde batek 2.004garren urtean. Ordutik, dagoeneko badira 5 urte goizean zehar festa izaten dela Tilosetan.
Goiz pasa ederra
Eguna mezarekin hasiko dute; San Joan Bataiatzailearen Parrokian izango da, goizeko 11:00etan.
Ondoren, Tilosetako festari hasiera ematen bertsotan arituko dira Unai Agirre eta Xabier Legarreta Arano bertsolariak, eguerdiko 11:45etan. Segidan, Miren Urkiolak erakustaldia emango du harria jasotzen. Azkenik, festari amaiera herriko pelotariek emango diete. Partidua izango da Tilosetako frontoian, eta eguerdiko 12:00etatik aurrera nor baino nor izango dira Oiaga eta Huizi, Zabala eta Txapartegiren kontra.
San Isidro,
nekazarien zaindari
San Isidro mundu osoko nekazarien zaindari bezala da ezaguna. Madrilen jaio zen, nekazari famili xume batean. Txikitatik umezurtz geratu zen, eta bizi osoa nekazaritza munduari lotuta pasa zuen. Santu Felipe IIIa erregeak eskatuta egin zuen Aita Santuak, 1.622an. Esaten da bai bizi zen bitartean, eta hil ondoren, mirari asko egin zituela.