Roxario Pikabea ereñotzuarrak indarrak neurtuko ditu gaur Jon Larrañaga Larra oiartzuarraren kontra. Batek desafioa bota eta besteak eutsi, aizkoran eta korrika beren onenak emateko pronto daude biak. Kana erdiko lau enbor eta 6 kilometro korrika Desafioa ez da makala, normalean aizkoran eta korrika aritzen ez denarentzat. Lehendabizi kana erdiko lau enbor moztu beharko dituzte. Behin hori eginda, korrika abiatu beharko dute eta sei kilometroko buelta egin beharko dute Epelen barrena.
Imanol ‘Paolla’ eta Suharri ‘Goardi’ harri jasotzen
Pikabeak eta Larrak sei kilometrotako buelta egin bitartean, plazan izango da zer ikusia, izan ere, Imanol Paollak eta Suharri Goardik harri jasotzeari ekingo diote, 100 kiloko harri zilindrikoarekin, jendeak zeri begiratua izateko.
Desafioa eta errenta
Pikabeak apostua bota eta Larrak eutsiz geroztik, bata eta bestearen aldeko apostuak ugaritu egin dira Ereñotzuko Irrintzi tabernan. Desafiotik errenta lortu edo galduko duenik izango da gaur.
Jon Larrañaga:
«Nire burua nahiko ongi prestatua ikusten dut»
Froga ailegatzeko desiatzen dagoela esan dio Kronikari. Aizkoran gehixeago ibilia da; ez hainbeste korrika.
Kronika: Dena prest gaurko
desafiorako?
Larra: Bai, eguna ailegatzeko desiatzen. Egin eta ikusiko dugu....
Asko entrenatu al duzu?
Larra: Piska bat bai. Beno, bastante bai, asko-asko ere ez, baina aritu naizenean, buru-belarri aritu naiz.
Noiz hasi zinen entrenatzen?
Larra: Otsaila aldera edo hasiko nintzen serio entrenatzen. Egur mordoska ebaki dut ordutik. Hortxe aritu naiz aizkoran eta korrika. Bestea korrika ni baino gehiago da.
Zure burua pronto ikusten duzu?
Larra: Bai, nahiko prestatua ikusten dut nire burua. Egin beharrekoak egin ditugu, hemendik aurrera ez dago denborarik; orain arte egin ez duguna alferrik da azkeneko egunetan egitea. Nire burua ondo ikusi dut, itxurantzean ibiltzeko moduan.
Lehen ere ibilia zara horrelako apustuetan?
Larra: Gutxi, zeozer bai, baina gutxi. Aizkoran aritu izan naiz Santa Barbarako festetan eta, baina gutxi; eta gutxi entrenatuta, batzuetan batere entrenatu gabe ere bai.
Herri kiroletan eta ibilia zara?
Larra: Beno, segan eta ibili izandu naiz baina hau beste kontu bat da.
Eta nola ikusten duzu zure burua korrika?
Larra: Entrenatzen eta aritu naiz, baina gaur, aizkoran aritu eta gero korritu behar dugu eta ez dakit nola ibiliko naizen. Bestea korrika ni baino gehiago da; lehengo batean ikusi nuen eta bizikleta baino iharrago dago, erraz egingo du korri hark.
----------------------------------------------------------
Roxario Pikabea:
«Fisikoki ondo nago, nire burua ondo ikusten dut»
Jende aurrean aritzeak urduritasun puntu bat sortzen dio. Oiartzuar baten kontra aritzeak errespetua ematen dio.
Kronika: Pronto al zaude gaurko desafiorako?
Roxario: Urduri puntu bat ere badut. Errespetoa ematen dute oiartzuarrek, gogorrak dira eta.
Nahikoa entrenatuta al zaude?
Roxario: Azkeneko aste honetan gutxi entrenatu dut; gorputzari deskantsua eman behar zaio.
Nola ikusten duzu zure burua gaurko desafiorako?
Roxario: Egia esan, nahiko ondo ikusten dut nire burua. Hala ere, urduritasuna sortzen dit jende aurrean aritzeak. Bestela, fisikoki ondo nago, nire burua ondo ikusten dut; daukadana emango banu, ondo.
Gero ikusi egin behar eguna ere nolakoa datorren; hori ere egokitu egin behar; denoi tokatu ahal zaigu egun txarra.
Asko entrenatu al duzu?
Roxario: Asko? Ez dakit, egia esan. Entrenamendu politak egin ditut. Serio hasi nintzela hilabete pare bat edo izango da.
Lehen aritu zara inoiz horrelako desafiotan?
Roxario: Lehen, gaztetan eta, aritu izan naiz Santa Barbaran eta, baina asko-asko ere ez. Korrika ere ibili izandu naiz, maratoiak eta korritu izan ditut.
Gero neurria hartu behar zaio. Niri aizkorak ematen dit errespetoa; ni arina naiz, korrika ondo aritzen naiz, baina aizkoran... Aizkolariei begiratu besterik ez dago, aizkolariek indarra behar dute, eta nik askorik ez dut.