ATZEGIK (Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako Elkartea) atzo aurkeztu zuen pretsaurrean aurtengo sentsibilizazio kanpaina: Zu bezalakorik ez da izenekoa.
Hernaniko 108 pertsona daude elkartean
Gaur egun Atzegi osatzen dute, besteak beste, adimen urritasuna duten 2.001 pertsonek, hauen 1.908 familia bazkidek, 2.842 bazkide kolaboratzailek eta 8.111 atzegizalek. Elkarteko kide guzti horietatik Hernanikoak 192 dira. Hernaniar hauek honela daude banatuta: 41 familia bazkide, 43 kolaboratzaile eta 108 atzegizale.
Atziegi Aurrera taldearen errelebo izan da Hernanin
Aurrera taldea Hernanin sortu zen orain 21 urte inguru. Urte guzti hauetan ezindu psikikoentzat denbora libreko ekintzak antolatzeaz arduratu dira. Baina monitore faltak behartuta, utzi beharrean aurkitu ziren. Hori dela eta, erreleboa Atzegik hartu zuen.
Herrian adimen urritasuna duten pertsona guzti hauek aisialdi zerbitzu berri bat dute, Txolartea izenekoa. Atzegik Txolarteak hainbat herrietan ditu, eta horietako bat da Hernani. Bertan, 16 urtetik gorako gazteentzako denborapasa ekintzak antolatzen dituzte.
Ostegunean topaketa egin zuten Hernaniko gurasoek
Atzegik atzo jarri zuen martxan 2009ko kanpaina, baina aldez aurretik, ostegunean, herrian, adimen urritasuna dutenen gurasoek topaketa antolatu zuten. Bertan, besteak beste, aurtengo kanpainari buruz hitz egin zuten.
Kanpainaren
nondik norakoak
Atzo izan zen prentsaurrekoan aurtengo kanpainaren garrantzia azpimarratu zuten. Adierazi zutenez, gizartea sentsibilizatu egin behar da adimen urritasuna duten pertsonekiko: «Pertsona hauen bizi kalitatea hobetzeko ezinbesteko da gizarteak pertsona hauek ezagutzea, eta batez ere gizartearen parte direla ikustea». Esan zutenez, arrazoi hauek izan dira batez ere aurtengo sentsibilizazio kanpaina bultzatzeko klabeak.
Prentsaurrean nabarmendu nahi izan zuten kanpaina zalbatzeko beharrezkoa dela Atzegiko bazkide, kolaboratzaile eta atzegizale guztien laguntza. Kanpainak atzo hasi eta maiatzaren 30a arte iraungo du. Aurtengo helburu nagusia izango da azpimarratzea eta omentzea boluntarioek egiten duten lana. Adierazi zutenez boluntarioak dira askotan Atzegiko protagonistak: «Atzegiko programa askotan, boluntarioak dira benetako eta oinarrizko protagonistak: Txolarteetan, oporretako programetan, kultur ekintzetan, kirol ekintzetan eta boluntario tutelarretan. Guztira gaur egun 217 boluntariok aritzen dire bere denbora librean Atzegin».
Gaur ekitaldi nagusia
izango da Donostian
Kanpainaren barruan, baita ere, ondorengo ekitaldiak izango dira: 10.000 kartel jarriko dituzte probintzia osoan zehar, eta beste horrenbeste foileto banatu; gaur 18:30etan, Donostiako Handia kaleko Kutxa Aretoan kanpainako ekitaldi nagusia egingo dute: esplikazioa eman; boluntarioek bere ikuspuntua azalduko dute; bideoa jarriko dute adimen urriko pertsonek eta euren familiek prestatutakoa; eta 3garren film laburren eta bideoklipen lehiaketa aurkeztuko dute.
Azkenik, hilaren 16an, Legazpin, Txolarte eguna ospatuko dute. Goizeko 11:00etatik aurrera Txolarte guztiak (aisialdiko klubak) Legazpin elkartuko dira. Guztira 80 boluntario eta 270 adimen urriko pertsona elkartuko dira.