santa Barbarako azken San Inaziotan hasi zen dena. Bertako herri kirol saioa ikusi, berotu eta desafioa bota zuen Roxario Pikabeak, egurrean eta korrika nork neurtuko zituen indarrak berarekin. Jon Larrañagak onartu zuen desafioa eta San Antonio jaietarako jarri zuten eguna. Kanaerdiko lau enbor moztu eta 6 kilometro korrika, hori da hitzartutako proba. Ordutik, aizkorak zorroztu eta entrenatzeari ekin diote bai batak, bai besteak, behin apustua botata ezin baita atzera egin.
San Antonio egunean izango da apustua, ekainaren 13an, arratsaldeko 18:00etan, Ereñotzuko plazan. Larra eta Pikabeaz gain apustua girotzeko hizlari bat izango da, eta baita federazioko ordezkari bat ere arbitro lanak egiten.
Egurreko proba bukatzean, Ereñotzutik Epele aldera abiatuko dira korrika. Bitarte horretan, Ereñotzuko plazan harri jasotzen ariko dira Imanol Paolla eta Suharri Irazustabarrena Guardi. Espektakulua eta giroa seguru izango dira beraz, aurtengo San Antoniotan.
Apustuak egin nahi izanez gero, Ereñotzuko Irrintzi tabernan izango da aukera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!