hilabetero bezala, Gazte Txokoan ekintzaz betetako egitaraua prestatu dute oraingoan ere. Ohiko ekintzez gain, eta udaberriko giroa aprobetxatuz, irteera batzuk egingo dituzte: itsasora pare bat, mendira beste bat, eta karsetan ibiltzera beste bat, beste ekintza mordoska baten artean.
Itsasoari eta kostari begira
Oraindik gehiegi sumatu ez den arren, udaberria aprobetxatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte, itsasoari begirakoak: atzo, Zumaiara joan ziren eta buelta egin zuten itsasontzian bertako kostalde berezia, flyscha esaten diotena, ezagutzeko.
Hori ez da hil honetan itsasora egingo duten bisita bakarra, hilaren 24an ere, igandea, hondartzara joango baitira, eta eguraldiak zertxobait laguntzen badu, itsasora sartu ere bai.
Karsetan ibiltzera eta
mendi irteera
Hilabete bukaeran gero eta kanpo ekintza gehiago antolatu dituzte. Hilaren 29an, ostirala, Vilariño kotxe karreretako gidariak Olaberrian duen kars zirkuitora joango dira kotxeetan sartu eta bueltaska batzuk ematera.
Hilaren azkeneko egunean mendi irteera egiteko asmoa dute, bazkaria eta guzti eramanda.
Tailerrak eta lehiaketak
Kanpo ekintzez gain, Aristizabal kaleko lokalean ekintza mordoska egingo dituzte maiatzean, besteak beste honakoak: sukaldaritza tailerra, pultserak egiteko tailerra, beira margotzeko tailerra, edo perkusio tailerra, Musika Eskolan ikasten duten Gazte Txokoko kideek emanda gainera, beren lagunei. Lehiaketak ere egingo dituzte: futbolin eta futbito txapelketa eta Bikote Mikote lehiaketa, besteak beste.
Sex-drog gunea
Hilabetero eta hamabostean behin Sex-drog saioa egiten dute, sexualitateaz eta drogei buruz lasai eta modu atseginean hitz egiteko. Horretarako, antzerkia, rol jokoak eta bestelako teknikak erabiltzen dituzte, ahalik eta atseginen lantzeko sexualitatearen eta drogen kontsumoaren inguruko gaiak.
‘Irriak eraikitzen’
eta elkartasuna lantzen
Elkartasunerako lekua ere badute Gazte Txokoan. Irriak eraikitzen taldeak ekintza asko egiten ditu, beste herrialdeetako jendeari begira: beste herrialdeetako errealitateak ezagutzen ari dira; ezagutza horiek herriko ikastetxeetan zabaldu dituzte; eta materiala eta dirua biltzen ari dira, beste herrialdeetara bidaltzeko. Horren harira, hilaren 30ean, Atsegindegin, Nahas Mahas azokan postua jarriko dute.
50etik gora lagun ibiltzen dira Gazte Txokoan
Gazte Txokoa asteartetik igandera dago irekia, ortegunera arte 17:00etatik 20:00etara, eta ostiraletik igandera 17:00etatik 21:00etara. Gutxi gora behera 50etik gora lagunek hartzen dute parte Gazte Txokoak antolatutako ekintzetan, hiru hezitzaile lagun dituztela.
Hezitzaileek azpimarratu dute oso giro ona dagoela, ikastetxe guztietako 11-16 urte bitarteko gazteak biltzen direla eta denak elkarrekin ibiltzen direla.