Mende bat baino gehiago karitatea zabaltzen

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 10a, 02:00

Bilkura agiri batek adierazten duenaren arabera, 1883ko azaroaren 2an Sor Casimira Astiz ahizpa bisitaria, Ongintza Etxeko zuzendaria Mariano Joaquin Maller eta Ongintzako Biltzarreko lehendakaria Martin Fernandez elkartu ziren. Bilera hartan, Hernaniko Ongintza Etxea Karitateko Alaben kargu jartzeko kontratu bat sinatu zuten. Hernaniko Ongintza Etxea 1868an eraiki zen, lehenago Zinkoenea eta Txirrita kalearen artean zegoen `Hernaniko Herriko Ospitale Santua` ordezkatzeko. Geroago, 1927an Milagrosa ermita altxa zen Ongintza Etxearen alboan. Kontratuaren arabera emandako kargua betetzeko, 1884ko apirilaren 29an etorri ziren Hernanira lehen Karitateko Alabak. Hasiera batean, herriko umezurtz, agure eta gaixoei beren laguntza eskainiz hasi ziren lanean. Horrez gain, egunean zehar sorostegi bat jarri zuten martxan, ospitaleratzen ez zituzten gaixoak laguntzeko helburuarekin. Pixkanaka, Karitateko Alabek eskaintzen zuten zerbitzua gero eta jende gehiagok eskatzen zuen. Horrela, Ongintza Etxean 50 agure izatera iritsi ziren, eta sorostegian egunero 60 lagun hartzen zituzten.

Proiektua zabaltzen
Zerbitzu horiez gain ordea, herrian beste behar bat ere bazela nabaritu zuten Karitateko Alabek. Gauzak horrela, 1890an alfabetatze klaseak ematen hasi ziren. Hasiera hartan, baliabideak eskasak ziren, eta klaseak ahal bezala ematen zituzten; baita gauetan eta igandetan ere. 1895. urtean `Familiako Gurasoen Elkartea` sortu zen, bertako lehendakari Juan Manuel Soroa zelarik. Elkarte honek Udalari eskaera bat egin zion: Ongintza Etxearen ondoan zegoen lur-eremua (gaur egun Milagrosako aparkalekua dagoen horretan) saltzea, irakaskuntzarako erabili ahal izateko. Udalak eskaera onartu zuen, eta bi eraikuntza egin ziren bertan. Bata Haur Hezkuntzarako izango zen, eta bestea, neskentzako Lehen Hezkuntzarako izango zen. Irakasle lanetan aritzen ziren Karitateko Alabek 2 pezeta eta 50 zentimo kobratzen zituzten, eta horietatik 2 pezeta Ongintza Etxerako erabiltzen zituzten. Bestalde, Ongintza Etxea aurrera ateratzearen truke ukuilu eta baratza txiki bat jaso zituzten. Urteek aurrera egin ahala, zerbitzuak areagotzen jarraitu zuten Karitateko Alabek. Hala, 1960 urte inguruan Zikuñagako Amako Haurtzaindegia ireki zuten, 60 haurri doan toki eginez. Eskaria ere handitzen zihoan ordea, eta 1962an eraikin berri bat egiten hasi ziren. Sor Maria Gorrotxategi Karitateko Alaba hernaniarraren familia Txantxillako futbol zelaiaren alboko lur-eremu baten jabe zen eta bertan eraiki zen eskola berria, hasieran Donostiako Institutuko ordezko gisa erabili zena. Gerora berriz, herriko beharrei aurre egiteko, eraikin honen segidan beste bat altxatu zen, gaur egungo Inmaculada Ikastetxeko eraikina osatuz.

Hainbat belaunaldi
Dudarik gabe, makina bat lan egin dute 125 urteetan zehar Hernaniko Karitateko Alabek. Horietatik 119 eskolak ematen pasa dituzte hein handi batean, eta horrenbeste urtetan zehar ez dira gutxi beren irakatsiak jaso dituzten neskato belaunaldiak.

Koro Etxeberria: «Asko eskertzen diet erakutsitako guztia»
Koro Etxeberria mojekin ikasitakoa da, eta oso oroitzapen onak gordetzen ditu. 3-4 urterekin hasi zen Karitateko Alabekin eskolan, eta administraritza ikasketak egin arte aritu zen bertan ikasten. Mojekin ikasi eta ondo pasatu zuela ziurtatzen du, eta izugarri eskertzen dizkie erakutsitako guztia eta transmititutako baloreak. Kororen ustez, `mojak oso irekiak eta onak ziren, eta oso esperientzia polita eta aberasgarria izan zen` beraiekin ikastea. Haur eskolan Sor Maria Luisarekin hasi zela kontatu digu, eta Teresita deitzen zioten emakume batek laguntzen ziela. Baina bereziki gogoratzen ditu Sor Consolación mojarekin pasatako uneak: `Nire lagun onenarekin, Arantxa Aldasororekin, pintura klaseetara joaten ginen astean bitan Sor Consolaciónengana. Adarra jotzeko asmoz bi lagunak Jainkorik ba zen edo ez eztabaidan sartzen ginen gelara, eta mojak adiskidetu gintezen besarkada bat ematera behartzen gintuen. Horrela, bakeak egitearen truke bale batzuk ematen zizkigun, eta denbora batera bonboiak edo horrelakoak zozketatzen zituen. Beti eztabaida berarekin joanda ere, ez zen konturatzen, eta bale piloa lortzen genituen!`. Sor Concepción berriz, moja gogorragoa zela oroitzen du Korok, eta kastigu gogorrak jartzen omen zituen. Sor Irene aldiz, oso goxoa omen zen. 19 urterekin hasi zen lanean, eta Kororen gela izan zuen aurrenekoa. `Orain urte gutxi hil zen Sor Irene, baina topo egiten genuen bakoitzean urte zoragarri haiek gogora ekartzen` zituztela dio. Oraindik Sor Soledad ikusten omen du tarteka, eta guztiei eskerrak ematen dizkie beti Korok, urte zoragarriak eskaini baitzizkioten.

Ester Fernandez: «Oso oroitzapen onak gordetzen ditut»
Ester Fernandez hernaniarra ere Karitateko Alabekin ikasia da. Berak ere oso oroitzapen onak gordetzen ditu, baina hala ere, `alabarik izanez gero, mojetara ez zuela bidaliko’’ erabaki omen zuen. Bihurri xamarra izan zela kontatu digu, eta askotan egoten zela zigortuta. Agian horrek eraginen bat izan du... Hala ere, oso ondo pasatu zuela aitortu du, eta `momentu on asko bizi` izan zituela. Kurtso bukaeretan adibidez, asko dibertitzen zirela aipatzen du: `antzerkia egiten genuen dotore-dotore jantzita, mojak pianoa jotzen zuen... ederki pasatzen genuen!`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!