Hernaniko Ezker Abertzaleko zinegotzi eta alkate ohiek: «Helburua nondik edo handik Ezker Abertzalea alkatetzatik kentzea da. Herritarroi dagokigu bere karguaren defentsa egitea, gu guztion ordezkaria baita»

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 10a, 02:00

gogor salatu zuten atzo Hernaniko Ezker Abertzaleko alkate eta zinegotzi ohiek Marian Beitialarrangoitia Alkateren aurka hilaren 21ean Madrilen egingo den epaiketa, eta lehenik eta behin beren «elkartasun osoa» adierazi zioten.

Ezker Abertzalea bere jardueretatik aldentzeko
Prentsaurrekoan esan zutenez, «tamalez ez zaigu berria egi- ten, modu batera edo bestera, herritarren botoak bitarteko udal ordezkaritza legitimoa eskuratu duten ordezkari abertzaleak beren jardueretatik aldentzeko ahalegina». Ordezkari ohien esanetan, ordezkari legitimoak baztertzeko ahalegina «formula zaharra da», eta itxura ezberdinak hartu ditu azken urteetan: «alderdien paktu antinaturalak lehen indarra zokoratzeko, ilegalizazioak, erabaki politikoak bultzatzeko epaiketak...». Beren ustez, epaiketa «beste urrats bat besterik ez da» eta ez du lagunduko gatazka politikoari irtenbide demokratikoa ematen.

Maitasun adierazpen bat aitzaki
Prentsa oharrean dioenez, Alkateak Iruñean egin zuen «maitasun adierazpen bat hartu dute aitzaki oraingoan». Salatu zuten akusazioari bost axola zaiola adierazpen askatasuna, giza eskubideen defentsa, eta herritarrek Marian Beitialarrangoitia alkate aukeratu izana, «helburua nondik edo handik Ezker Abertzalea alkatetzatik kentzea denean».

Guztion ordezkari
Alkate eta zinegotzi ohiek dei egin zieten herritarrei, «ezker abertzaleko boto emaile izan edo ez», epaiketa salatzera. Era berean, dei egin zieten udala osatzen duten ordezkari politikoei «ez daitezen gehiegikeria batek ekar diezaieken onura partidistaren tentaldian erori eta beraien interes propioen gainetik Hernaniren interesak eta hitza errespeta ditzaten».

Sinadura bilketa
Prestaurrekoan, bide batez dei egin zieten herritarrei epaiketa salatzeko datozen egunetan egingo diren deialdietan eta sinadura bilketan parte hartzera, «guk bietarako konpromisoa adierazi nahi dugu, herritarren ordezkari izan garen neurrian, Ezker Abertzaleko ordezkaritza izan dugun neurrian eta antzeko ahalegin ez demokratikoak pairatu ditugun neurrian».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!