MARTXOAREN 31n atxilotutako gazteen gurasoek beren ezinegona eta inpotentzia azaldu diote Hernaniko Kronikari, «sumarioak itxita jarraitzen du, eta irekitzeko zain gaude. Ireki arte ez dugu jakingo gazteei leporatzen dietena zertan oinarritzen den. Orain arte haien kontra dauden probak, baldinbadaude, ez dakizkigu». Egun horretan atxilotutako sei gazte espetxeratu egin dituzte: Asier Olano, Aitzol Arrieta, Egoitz Balerdi, Jon Ezeiza, Eki Oñate eta Mikel Gartzia. Soto del Real eta Alcala Mecon espetxeratu dituzte; baita gerora espetxeratu zuten Ekaitz Telleria ere. Egun horretan atxilotutako, Iñigo Alzelai eta Txaber Zabaleta aske geratu dira, bakoitza 10.000 euroko fidantza ordainduta. Espetxeratutakoei Segiko kide izatea leporatzen diete, eta herrian azken urteetan izan diren kale borroka ekintzen erantzuletzat jo dituzte.
Inkomunikazioarekin bukatu
Gurasoek azaldu dituzte atxiloketak eta inkomunikazioak iraun zuen egunetan pasatako momentu gogorrak: «Iñigo Alzelaik prentsaurrean azaldu zituen egin zizkiotenak, eta berari egin ziotena besteei ere egin zieten, modu batera edo bestera. Inkomunikazioa da aurreneko tortura, lehendabizi atxilotuentzako, eta gero gurasoentzako eta denontzako». Inkomunikazioak atxilotuen eskubideak errespetatzea ez duela ziurtatzen azpimarratu dute atxilotuen gurasoek, eta hori dela eta, inkomunikazioarekin bukatzeko exijitu dute. Inkomunikazioa atxilotuentzako probak sortzeko bidea dela ere salatu dute: «Inkomunikazio aldian poliziak egin zuena izan zen bakoitzari zer deklaratu behar zuen esan, eta hori sinatuarazi. Badakigu baita ere, inkomunikatuta zeudela, batean eta bestean proba bila aritu direla atxilotuak kartzelaratzeko». Inkomunikazio aldian aplikatu beharreko protokoloa ez dela bete ere salatu dute: «bete den bakarra izan da konfidantzazko medikuen bisitak, baina hirugarren egunetik aurrera, dagoeneko txikituta zeudenean. Haiei esker jakin genuen, ez modu ofizialean, Mikel Gartzia eta Iñigo Alzelai ospitalean izan zirela, aurrena antsietate krisi batengatik, eta bigarrena, deshidratazioarengatik». Beren ezinegona eta inpotentzia azpimarratu dute gurasoek, diotenez, oraindik ere ez dakitelako haien kontrako karguak zertan oinarritzen diren. Hori dela eta, atxiloketa hauen atzean erabaki politiko bat dagoela uste dute: «gure semeak bahituta daude. Frigorifiko batean sartuta baleude bezala da. Madrilen gauzak gaizki dijoaztenean, Espainiako iritzi publikoaren aurrean, haien amorrua elikatzeko gure semeak erabiltzen dituzte. Bestalde, sinistuta gaude gure semeek ez dituztela egin leporatutako gauzak, eta pankartak jartzea eta mugimenduetan ibiltzea baldin bada inor kartzelan sartzeko motiboa... non gaude?».
Kezka eta izua zabalduta
Bestalde, azken atxiloketen ondoren herrian beldurra zabaldu dela somatu dute gurasoek: «gazte eta gurasoen artean halako kezka somatu dugu, guri gertatu zaiguna edozeini gerta baitakioke». Bide batez, eskertu dute atxiloketak izan zirenez geroztik, herrian eta herritik kanpo jaso duten elkartasuna.
«Ez da kasu isolatua»
Gurasoek narbarmendu dute gazteen atxiloketak ez direla Hernanin bakarrik gertatu, «Markinan, Oreretan, Donostian, Nafarroan... pentsa zenbat redada izan diren. Azken 2 urtetan 123 gazte atxilotu dituzte, Segirekin lotura dutela leporatuta; horietatik 91 kartzelaratu dituzte eta 69k torturak salatu dituzte. Atxilotutakoen guraso guztiek salatzen duguna berdin-berdina da. Gazteak inkomunikatuta dauden bitartean sortzen dira frogak, eta garbi dago horren atzean erabaki politiko bat dagoela».
Manifestazioa datorren astean
Iruñean Nafarroan azken hilabeteetan atxilotutakoen gurasoek manifestazioa deitu dute maiatzaren 16rako Iruñean, eta Hernaniko guraso taldeak bertan izango dela iragarri du. Bide batez, Hernaniko herriari dei egin diote bertara joateko. Manifestazioa arratsaldeko 18:00etan aterako da Golem zinemetatik, Torturari ez. Ilegalizazioei ez. Bai proiektu politikoen garapenari lemarekin. Autobusa antolatu dute bertara joateko eta izena emateko Garin tabernan jarri dute zerrenda. Izena osteguna aurretik eman behar da.