Javier Girotto saxofoilari argentinarra eta Hernasax taldea bat eginda gaur Milagrosan

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 9a, 02:00

HERNASAX Taldean bildutako herriko saxofoilariek ez dute gaurkoan erronka makala: Javier Girotto punta-puntako saxofoilari eta konpositorearekin batean berak sortutako piezak jotzea. Hernaniko saxofoi taldeak saxofoilari argentinarrarekin tratua egin eta Hernanira etortzeko gonbitea luzatu zioten. Musikariak gonbitea onartu eta Suix izeneko bere azken diskoko partiturak bidali zizkien Hernaniko saxofoilariei, eta hauek azken urtea daramakite piezak prestatzen. Kontzertua gaur arratsaldeko 19:30etan izango da Milagrosan. Maila haundiko saxofoijolea Javier Girotto argentinarra da, gaztetan bere herria utzi eta AEBetara joan zen. Bertan Berklee College Music famatuan diplomatu zen. Gaur egun Erromako Santa Zezilia Kontserbatorioko irakaslea da. Bere izenean 20 disko baino gehiago argitaratu ditu eta hainbat artista famaturekin aritu da, tartean: Mercedes Sosa, Horacio El negro Hernandez, Bob Mintzer, Randy Brecker, Luciano Biondini eta Kenny Wheeler. Eskuartean proiektu ugari ditu saxofoilariak, baina tarte bat hartu du Hernanira etorri eta herriko saxofoilariekin aritzeko. Girottok berak Kronikari adierazi dioenez, gustora aritzen da musikari gazteekin tratuan, beste ikuspuntu eta indar bat dutelako, eta hori dela eta, gogoz agertu da gaurko kontzerturako.


Hernasax, 11 urteko bidea
Hernasax taldea Musika Eskolaren bueltan sortutako saxofoijole taldea da eta Roberto Pacheco da taldeko zuzendaria. Harekin batean joko dute: Itsaso Pacheco, Aritz Ostolaza, Judith Montero, Idoia Mujika, Bingen Eletxigerra, Ibon Irijoa, Imanol Garcia, Ander Loiarte, Josetxo Silguero, Zipri Otxandorena eta Edgar Carbajo. Halako erronkaren aurrean urdiri xamar egon arren, ilusioz beteta daude. Kontzertua bukatzean sagardotegira joateko plana egin dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!