ELA sindikatuak maiatzaren 21ean greba egiteko deialdia luzatu zuen atzo Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 9a, 02:00

ela sindikatuak ordezkarien batzarra egin zuen atzo, kiroldegiko frontoian. Hizketagaia honakoa izan zen: maitzaren 21erako, osteguna, deitutako greba orokorra. Frontoia ia beteta ageri zen eta bertaratu zirenek adi-adi entzun zituzten hizlarien hitzak.


‘Erasoei aurre’ greba orokorrerako lema
Frontoian luze eta zabal hitz egin zuten maiatzaren 21eko grebarekin zerikusia duten gai askori buruz: patronala, langileen baldintzak, grebarako arrazoiak eta krisiari aurre egiteko eskaerak. ELA sindikatuak honako aldarrikapenak egin ditu, besteak beste, maiatzaren 21erako: patronalari aurre egin beharra eta lanpostuak gutxitzeko joera geldiarazi beharra; beren lan baldintzak eta lanpostuak defendatzeko lanean eta borrokan ari diren langileei babesa ematea; Autonomi Erkidegoko, Nafarroako eta Estatuko erakundeen politika publikoak aldatu beharra, hauek ez baitituzte langileen eskubideak hobetzen, eta gainera, okerragotu egiten dituzte; horregatik ELA sindikatuak eskatu du ekonomia, lan eta gizarte politikak Euskal Herrian erabakitzeko ahalmena izatea.


Maiatzaren 21eko greba orokorra
ELA sindikatuak emandako datuen arabera, 409 ordezkari bildu ziren atzo, Legazpitik honakoak. Esandakoaren arabera, dagoeneko 762 atxikimendu jaso dituzte grebarako. Egoitz Iturbe eskualdeko arduradunak hitz egin zuen; eskualdeko analisiaren barruan azpimarratu zuen grebarako 762 ordezkariek azaldu dutela atxikimendua, tartean Hernani eta inguruko honako enpresetakoak: Tximela, Deman, ITV, Andoaingo Etxez Etxeko Laguntza; Plastigaur eta Thyssen Elevadores. Joseba Villarreal negoziaketa kolektiboko ejekutibako arduradunak ere hartu zuen hitza. Honek, aurreko gobernuak egindako politika kolektiboak gaitzetsi zituen, bere esanetan, «superabitak izan dituzten aurrekontuek ez baitiete behar sozialei erantzun egokirik eman».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!