LIGAKO partiduak amaitu ondoren, Hernaniko errugbilariak Euskadiko Kopa ari dira jokatzen orain. Dagoeneko, kopako lau partidu jokatu dituzte, eta hernaniarrek erdiak irabazi dituzte. Gaurkoan indarrak Durangoren kontra neurtu beharko dituzte, arratsaldeko 16:30etatik aurrera, Landaren.
Gainontzeko jokalarientzat aukera
Euskadiko Kopa ez da urteko garrantzitsuena izaten Hernaniko taldearentzat, baina badu berezitasun bat. Urtean zehar goiko taldean ibili ez diren jokalariek izaten dute aukera txapelketa honetan. Euskadiko Kopa normalean seniorretako bigarren taldeak jokatzen du, eta tartean, jubeniletako jokalari batzuk ere izaten dute aukera.
Hernaniko beste mailetako taldeek ere izango dituzte partiduak
Seniorrez gain, Hernanin beste mailatan aritzen diren taldeek ere izango dituzte partiduak asteburuan zehar. Jubenilek eta kadeteek lagunarteko partidua izango dute, Getaferen aurka, gaur: jubenilek 11:30etan eta kadeteek 10:30etan. Alebinek eta infantilek berriz Gipuzkoako ligako partidua izango dute. Alebinek Ordiziaren kontra eta Atletico San Sebastianen kontra jokatuko dute. Bi partiduak Ordizian izango dira, goizeko 10:30etatik aurrera. Infantilek aldiz Arrasate eta Bera Beraren kontra jokatuko dute. Hauen bi partiduak ere goizeko 10:30etatik aurrera izango dira, baina Arrasaten.
Basque Korsarioak Gatosen kontra gaur Madrilen
Bestalde, Basque Korsarioak taldeak ere gaur izango du partidua. Bertan Hernaniko errugbi taldeko lau jokalari dabiltza jokoan: David Pelaez, Genua, Etxeberria eta Garmendia. Partidua Madrilgo Gatosen kontra jokatuko dute Madrilen bertan. Partidua gaur, eguerdiko 12:30etatik aurrera, Liceo Frances zelaian.