HERNANIK Berastegi hartuko du bihar etxean, Herri Arteko pelota txapelketako bueltako partiduetan. Final Zortzirenetako partiduak izango dira, eta kiroldegian jokatuko dituzte, bihar, goizeko 11:00etatik aurrera.
Lan erdiak eginak
Hernanik lan erdiak eginak ditu dagoeneko. Joan den astean Berastegin jokatu zituzten joaneko partiduak, eta erraz gailendu ziren, 0-3. Partidu bikainak jokatu zituzten hiru bikoteek, eta alde horrekin, esan daiteke, ia esku artean dutela final laurdenetarako pasea. Hala ere, biharkoan ez dute joan den asteko pelotari berak jokatuko. Oiaga entrenatzaileak honako hauei emango die aukera: kadeteetan Eneko Lujanbio eta Jon Ander Elorzak jokatuko dute; jubeniletan Eneko Aizpitarte eta Markel Lizeagak, eta seniorretan Paul Ojuel eta Unai Huizi arituko dira. Biharko kanporaketan pasea lortuz gero, Arrasate edo Ataun izango dute zain final laurdenetan.
Gravn torneoko finalean
hiru hernaniar
Bestalde, Gravn torneoan, trinketeko finalak jokatuko dira gaur Iruñeako Mendillorri pelotalekuan, eta tartean hiru hernaniar izango dira: hernaniarren lehen partidua Unai Alvarezek jokatuko du Bizkaiako ordezkariaren kontra. Banakakoa izango da, senior mailakoa eta oso berdindua izatea espero da. Gaur 10:00etatik aurrera. Arratsaldean berriz, banaka, eta jubeniletan, Aritz Otaegi arituko da Nafarroako ordezkariaren kontra. Otaegik urte bikaina daramaki, eta gaurko garaipena sari ederra izango litzateke. 16:00etan hasita. Azkenik, arratsaldeko 16:00etan baita ere, banaka eta sub 22 kategorian, Eñaut Esnaolak jokatuko du Nafarroako ordezkariaren kontra. Partidu zaila izango da Esnaolarentzat, aurrean izango duen aurkaria indartsu eta ondo baitabil azken aldian.