GORPUTZA dantzan jartzeko aukera paregabea izango da gaur Hernanin. Joan den urteko arrakastaren ostean, Kalejira Musikatua antolatu dute aurten ere. Egun osoan zehar bazter askotako eta estilo ezberdinetako musika entzuteko aukera izango da. Jaia Plaza Berrin izango da (eguraldi txarra egingo balu Atsegindegin), eguerdian hasi eta iluntzera bitartean.
Hernaniko Samba
taldearekin kalejira
Eguna eguerdiko 12:00etan hasiko da, Hernaniko Samba taldearen eskutik. Samba taldea herriko musika zaletu gazteek osatzen dute. Joan den urtean egin zen kalejiran ere parte hartutakoak dira, eta espektakulu ederra eman zuten herrian barrena.
Afrikar perkusio tailerra
Samba taldearen kalejiraren ostean, 12:30etan, afrikar perkusio tailerra izango da Ruben hernaniarraren eskutik. Ruben Afrikarekin maitemindutako hernaniarra da, eta tailerrean erakutsiko du Afrika mendebaldeko perkusioaren magia. Afrikako perkusioan maixu diren askorekin ikasitakoa da Ruben, eta gaurkoan erritmo hauen bizitasuna gerturatuko du herrira.
Bazkalorduan Gambiako janari dastaketa
Bazkalorduan izaten den gosea asetzeko aukera ere izango da gaurkoan, Gambiako gastronomiaren dastaketa izango baita. Beste maila askotan bezala, herrian Afrikako gastronomia ezezaguna da askorentzat. Horregatik, gastronomia hernaniarrekin konpartitzeko intentzioarekin, janaria Moussak prestatuko du, Gambian jaiotako herritarrak.
Arratsaldean Afrikako
perkusio erakustaldia
Goizean herritarrei perkusio tailerra eman ondoren, arratsaldean erakustaldia egingo du Rubenek. Afrikar doinuak arratsaldeko 16:00etatik aurrera zabalduko ditu, Bala-Kora izeneko erakustaldiaren bidez.
Euskal Herriko Sound System beteranoa ondoren
Musika doinuekin jarraituz, Afrikako doinuak alde batera utzi eta 16:30etan reggae estiloko musika zabalduko da herrian; Jahb Inity Sound System arituko da horretan. Jahb Euskal Herriko sound system beteranoa da, urteak darmazkite Jahb eta bere lagunek reggae doinuak lau haizetara zabaltzen. Orain gutxi esaterako, osatu berri dute The sweetest sound in town bilduma berria.
Didgeridoo erakustaldia
Arratsaldeko 18:00etan beste erakustaldi batetaz gozatzeko aukera izango da. Iban Nikolairen eskutik, munduko aizezko instrumenturik zaharrenetakoa entzuteko aukera izango da: didgeridooa. Iban Nikolaik didgeridooa Londresera egindako bidai batean ezagutu zuen. Hasieran autodidakta gisa aritu zen, bere kabuz ikasten; baina ikasteko grinak bultzata, Europa eta Australian barrena klaseak eta tailerrak hartutakoa da. Didgeridooa 40.000 urtetik gora dituen instrumentua dela kalkulatzen da, eta australiar aborigenen kulturatik datorrela. Didgeridooaren ezaugarrietako bat da ez daudela bi berdin, beraz ezin direla bi soinu berdin entzun. Termitek naturalki zulatutako enbor huts batekin egindako instrumentua da. Soinu grabe bat du eta zulotik putz eginda ateratzen da. Esan bezala, Didgeridoo bakoitzak bere ahots edo soinu propioa du.
Sound
Systemekin jarraituz
Iban Nikolairen erakustaldia eta gero, The Zestones taldearen musika eta Soun System doinuak entzuteko aukera izango da. Arratsaldeko 18:30etatik aurrera.
The Zestones taldea Argizulo proiektutik sortu zen, orain dela 6 urte inguru Zestoan. Argizulo proiektu kulturala da eta ekintza asko antolatutakoa da: perkusio ikastaroak, txalaparta ikastaroak, musika mota ezberdinetako saioak eta abar. The Zestones proiektu horren oinarrietako bat da. Taldea laukote batek osatzen du, eta Reggae estiloko musika abesten dute, mezu sozial eta sakonekoa; euskaraz, gazteleraz eta ingelesez abesten dute. Rude Kanka sound sytem berriz bi gazte donostiarrek osatutako proiektua da. Reggearen barruan dauden estilo eta erritmo ezberdinak nahasten dituzte. Gaur egun The Zestones taldaearekin batera hainbat festetan hartzen dute parte.
Egitaraua
- 12:00etan, Hernaniko samba taldearekin kalejira.
- 12:30etan, afrikar perkusio tailerra.
- 13:30etan, Gambiako janaria dastatzeko aukera.
- 16:00etan, ‘Bala-Kora’ afrikar perkusio erakustaldia.
- 16:30etan, Jah Inity sound systema.
- 18:00etan, Iban Nikolairendidgeridoo erakustaldia.
- 18:30etan, ‘The Zestones’ eta ‘Rude Kanka’ sound systema.