Marian Beitialarrangoitiak maiatzaren 21ean deklaratuko du Auzitegi Nazionalean

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 8a, 02:00

maiatzaren 21ean epaituko dute Marian Beitialarrangotia, 2008ko urtarrilaren 12an Iruñeako Anaitasunan izandako ekitaldi politiko batean esandakoengatik. Zehazki, honakoa esan zuen Beitialarrangoitiak: «Igor Portu, Mattin Sarasola eta Espainian eta Frantzian zehar sakabanatuta dauden preso eta iheslari guztiak: maite zaituztegu». Fiskaltzak esaldi horrekin «terrorismoa goraipatu» zuelakoan, urte beteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa eskatu du.

2008an auzia artxibatu
Marian Beitialarrangoitiak 2008ko urtarrilaren 25ean deklaratu zuen Auzitegi Nazionalean gai honen inguruan, eta epaileak auzia artxibatu eta baldintzapean aske utzi zuen. Erabaki honen aurrean Fiskaltzak elegitea aurkeztu zuen. Auzitegi Nazionaleko Zigor Sailak elegitea onartu eta auzia berriro ere irekitzeko agindu zuen. Joan den otsailaren 16an Santiago Pedrazek epaileak auzia ireki zuen eta hamar eguneko epea eman zien kasu honetan akusazioa aurkeztu zuten Fiskaltzari eta herri akusazioari, epaiketarekin jarraitu ala ez, beren iritzia emateko. Bi aste beranduago Fiskaltzak bere eskaera jakinarazi zuen: urte bateko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa.

Giza Eskubideen Batzordea
Astelehenean Giza Eskubideen Batzordea bilduko da, 19:00etan, gaia aztertzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!