CHILLIDA-LEKU museoak AENOReko kalitate ziurtagiria jaso zuen atzo. Ziurtagiri honi esker, museora hurbiltzen diren bisitariek, besteak beste, bi garantia izango dituzte: langileei dagozkien lan baldintzak eta eskaintzen duten zerbitzua ezin hobea izatea, eta museoak berak eskaintzen duen zerbitzua behar bezalakoa izatea.
Euskal Herriko bakarra
Chillida-Leku museoa AENOR ziurtagiria duen bakarra da Euskal Herrian, eta estatuan beste museo bakar bat dago ziurtagiri berarekin.
Luz Emparantza Euskal Herriko AENOReko zuzendaria izan zen ziurtagiria emateaz arduratu zena, eta adierazi zuenez, gizarte batean ongizatea lortzeko, beharrezkoa da maila honetako museoak izatea: «gizarte batean ongizatea neurtzen da, besteak beste, herritar batek kulturara, zerbitzuetara eta abar luze batera iristeko duen erraztasunaren arabera, eta nola ez, hauen kaliatatearen arabera. Herritarrek ziurtagiria duten enpresetara hurbiltzean kalitate hau berehala nabaritzen dute».
Bestalde, Luz Emparantzak adierazi zuen ziurtagiri hau ez dela eman eta bere horretan geratzen, baizik eta hiru urteko balioa duela: «Ziurtagiriaren balioa nazioartekoa da, eta 3 urterako da. Chillida-Leku museoak 2.007ko irailean jarri zuen martxan ziurtagiria lortzeko plana, Diputazioaren laguntzarekin. Lortzeko berriz, auditoria bat pasa behar izan du. Lortu ondoren, museoari jarraipena urtero egiten zaio, eta auditoriak egiten jarraitzen dugu».
Bisitarien onespena
Chillida-Leku museoan bisitariei inkesta egiten aritu dira, hauen inpresioak jakin ahal izateko. Inkesta batez ere udan egin zuten, 1.200 lagunen artean, eta horietatik asko atzerritarrak izan ziren, Europatik kanpo bizi zirenak. Josemari Mendez Museoko Finantza Saileko Zuzendariak adirazi zuenez, emaitzak uste baino hobeak izan dira: «inkestako gehiengo puntuazioa 4 zen, eta 3,70 lortu genuen. Gainera, bisitarien %90ak berriro itzuliko litzakeela adierazi zuen».