«Hernanin musika elektronikoa ez dago oso ondo ikusia»

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 3a, 02:00

Zergatik sortu zenuten Paket Flat kolektiboa?
Unai: Gehienetan elkarrekin egoten gara, eta aktibitate bera egiten dugu; gainera elkarrekin ikasitakoak gara... Rakel: Lagunak gara, eta bapaean diskoak pintxatzen hasi zen gutako bat, gero beste bat, gero beste bat... Kolektibo-kolektibo... berez ez gara. Lagun talde bat gara, honetan ibiltzen dena.

Lagun talde handia ezta?
Ze, zuek hiruak ez zarete partaide bakarrak.
Rakel: Villabonan ere delegazio bat daukagu; badago beste mutiko bat ere, Gasteizkoa...

Eta, zer abantaila ditu DJ batentzat taldean funtzionatzeak?
Adibidez festaren baterako-edo deitzen dizuetenean, zuek aukeratzen duzue nor joango den?
Unai: Deitzen dizun pertsonarekin zer erlazio duzun... Rakel: Bai, adibidez batek deitzen dizu, eta esaten dizu `nik nahi dut pintxatzea Ivanek`. Orain dela gutxi Bergarako Jam-etik deitu zuten, eta erabaki da bi hauek eta beste bi joatea. Baina ez zuten izenik esan, Paket Flat joatea nahi zuten, hiru edo lau DJ behar zituztela, eta aukeratzeko.

Taldearen izena egin zait kuriosoa... Nondik dator?
(Rakelek barre egin du) Ivan: Musika publikatzen duen zigilu bat badago, Poker Flat izena duena... Guk Paket Flat jarri genion, pintxatzen hasi ginenean `pakete` batzuk ginelako, oso txarrak. Rakel: Poker Flat zigiluaren fan batzuk gara... Ivan: Bueno, lehen... Orain dagoeneko ez. (Barre egin dute hirurek)

Zergatik ba?
Rakel: Musika aldatzen delako, eta zu ere aldatu egiten zara: gauza gehiago ikasten dituzu, eta lehen hainbeste gustatzen zitzaizun zigilu hori, orain ez zaizu gustatzen. Ivan: Ez da gauza bera orain dela hamar urte entzuten zenuena, eta orain entzuten duzuna... Orain dela hamar urte entzuten zenituen gauzak jartzen dituzu orain, eta... puf.

Zer aldatu da?
Ivan: Dena: abiadura, soinua, estiloak... Elektronikaren mundua aldatzen ari da denbora guztian. Estiloak nahasten dira, aurrera egiten dute, atzera bueltatzen dira, soinuak nahasten dira, aldatu...

Hori ere galdetu nahi nizuen: elektronika hain mundu zabala izanda, zein estilo egiten duzue zuek?
Unai: Niri adibidez minimala gustatzen zait, soinu minimoak sartuz egiten dena. Rakel: Niri elektroa; makarragoa da... Baina bueno, denetarik e! Minimala ere oso gustura entzuten dut, techno-a ere bai... Ivan: Berez ia denaren oinarrian technoa dago. Estilo batera edo bestera jo dezake gehiago, baina oinarri bera dago. Elektroa beste erritmo bat da, diferentea. Eta gainera sartzen da soinuen nahasketa: elektro erritmo batek eduki ditzake soinu minimalak, baina oinarria erritmoan dago. Eta gustatu? Niri denetarik: elektroa, housea, technoa...

Hernanin ez dago elektronika entzuteko ohitura askorik, ezta?
Rakel: Zero, ez dago ohiturarik eta gainera ez dago oso ondo ikusia. Badago jende asko, erlazionatzen duena musika mota hori jende mota batekin, edo bizimodu mota batekin. Eta ez dauka zerikusirik: Euskal Herrian badaude kolektiboak lan asko egiten dutenak, eta musika hau askoz normalagoa dena. Bergaran, Arrasaten eta horrelako herrietan, musikaren kultura, eta ez bakarrik elektronikarena, garatuagoa dago. Baina Hernanin, zero. Ivan: Aretxabaleta urteetan izan zen elektronikaren hiriburua... Aretxabaleta! Gaztetxean, orain dela urte asko, festak egiten ziren musika elektronikoarekin. Eta Eskoriatza, Bergara, Arrasate... Taberna eta lokalak daude: Jam, 360... Gu beti handik mugitu izan gara. Rakel: Aurreko batean hauek Donostiako Le Bukowskin pintxatu zuten...

Bide bat irekitzen ari zarete behintzat: joan den urteko San Joanetan Tilosetan aritu zineten. Nola gogoratzen duzue?
Rakel: Jende gutxi ibili zen... Unai: Bueno, eguna ere ez zen oso ona. Ostegunean izan zen, eguraldi txarra zegoen eta ezin duzu pentsatu jendea etorriko denik zu ikustera. Rakel: Eta gainera jendeak ez badu musika mota hau asko ulertzen, normala da. Hernanin beste gauza batzuetara ohituta gaude. Orduan jendeak esaten du: `Halakok pintxatzen duela Tilosetan, San Joanetan? Eta zer? Gainera musika hori, dena pun-pun-pun` Ivan: Gu beti mugitu izan gara. `Aizu, halakok pintxatu behar omen du` eta joan egiten ginen. Urteak dira asteburu batean Hernanin atera gabe.

Pena da ba... Ze, Aretxabaleta Hernani baino
dezente txikiagoa da...

Rakel: Baina beste kultura musikal bat dago herrian, onartuagoa dago. Adibidez, Goiz Argin pintxatu zenuten behin (Unairi eta Ivani begira) eta ez zegoen inor. Ivan: Eta zeudenak moskeatuta, musika aldatu zutelako. Eskerrak gero lagun pila bat etorri zirela eta denak gustura geratu zirela... Baina hasieran kosta egiten da.

Askotan ´dantzarako musika´ etiketa jartzen diote
elektronikari. Zer iruditzen zaizue?

Ivan: Nik uste dut ez dagoela gaizki, elektronikak dantzatzeko izan behar du. Unai: Hombre, izan behar du... Denetarik dago: badago musika, nire ustez, eserita lasai-lasai entzuteko. Egia da dantzarako egiten dela elektronikaren barruan musika asko, baina ez da bakarrik horretarako. Ivan: Bai, bai, baina oinarrian jendea dantzan jartzea da helburua. Eta guri ere asko gustatzen zaigu dantzatzea. Dantzatzera ateratzen gara, ez poteak hartzera...

Hitz egin dezagun erabiltzen duzuen materialaz: zaila al da binilozko diskoak erostea hemen inguruan?
Unai: Interneten bidez orain errazagoa da; eta orain dela gutxi arte Donostian bazegoen denda bat. Baina bueno, biniloa galtzen ari da (eskuekin komatxo artean sartu du `galtzen` hitza)... Ivan: Keba, ez dut uste... Unai: Baina bueno, ez da saltzen behintzat: Donostiako denda horrek itxi egin behar izan du... Rakel: Gauza da, musika hau beti dagoela garatzen. Adibidez, Interneten badago leku bat esaten dizuna egunero ze tema berri ateratzen diren. Eta egunero, igual daude 150 zigilu, eta bakoitzak ateratzen ditu lau tema. Zer gertatzen da? Zuk asko pintxatzen baldin baduzu, ezin duzula beti material bera erabili. Biniloak, azkenean, garestiak dira...

Zenbat balio du batek?
Rakel: Hamar euro, baina horrekin dauzkazu bi edo lau abesti... Kontua da, asko pintxatzen duen jendea hasi dela ordenagailuarekin lan egiten, askoz merkeagoa delako. Zuk Interneten tema bat erosi dezakezu bi euro pagatuta, edo euro bat. Hamar eurorekin, hamar tema, eta ordenagailuan pintxatu dezakezu. Eta jende asko hasi da ordenagailuarekin musika beraiek sortzen. Ivan: Orain ordenagailu batekin nahi duzun musika guztia egin dezakezu. Lehen, orain egiten dena egiteko, behar zenituen sintetizagailuak, erritmo kaxak... Orain portatil bakarrarekin hori guztia egin dezakezu.

Bukatzeko, anekdotaren bat eskatuko nizueke.
Seguru DJ batek gauza oso kuriosoak ikusi behar ditu musika nahasten duen bitartean.
Ivan: Bat kontatuko dizut, ona. Egin genuen festa bat hemen, Hernaniko gaztetxean... Zer egongo ziren han, igual... 300 pertsona? Lehertzeraino beteta, sabaia tantaka jendearen izerdiarekin, ibili ere ezin zen egin, eta hor ari nintzen pintxatzen. Eta ikusten dut tipo bat, jendeari pasatzen uzteko eskatzen, bat baztertu, bestearen ondotik estu-estu pasa, lortzen du azkenean nire ondora etortzea eta esaten dit: `Ateraidazu kaña bat!`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!