EZIN hobeto hasi du Hernanik Herri Arteko Pelota Txapelketa. Atzo debutatu zuen Berastegiren kontra, eta zergatik ziren faborito argi geratu zen pelotakuan. Hiru mailetako partiduak irabazi zituzten, eta final zortzirenak ia erabakita utzi zituzten.
Kadeteak 22-9
Lujanbio eta Murgiondo kadeteek seriotasuna eta indarra erakutsi zuten. Gutxi arriskatu zuten eta pelotakada bikainak eman zituzten. Horrela hernaniarren lehenengo garaipena lortu zuten, 22-9.
Jubenilak 22-2
Jubeniletan Arrieta eta Lizeagak egurra eman zuten. Arrietak sakez lortu zituen partiduko tantu asko, eta Berastegikoek ez zuten erreakzionatzen jakin. 22-2 irabazi zuten.
Seniorrak 22-6
Bi taldeen arteko partidurik berdinduena seniorretakoa izatea espero zen. Hala ere, Oiaga eta Gorrotxategik partidu haundia jokatu zuten. Hernaniko atzelaria nagusi izan zen partidu osoan zehar eta erraz lortu zuten 22-6ko garaipena.