LAB sindikatuak langile borrokaren beharra azpimarratu du Langileen Nazioarteko Egunean

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 1a, 02:00

HERNANIKO LAB sindikatuak, Kronikara bidalitako idatzi baten bidez, Langileen Nazioarteko Egunaren bueltako hainbat aldarrikapen plazaratu nahi izan ditu. Bide batez, gaur Donostian deitu duten manifestazioara joateko deia ere luzatu du sindikatuak; eguerdiko 12:30etan aterako da Boulebardetik. Sindikatuak azaldu du, aurtengo maiatzaren 1a, kontestu oso konkretuan iritsi dela: «langileok sortu ez dugun mundu mailako krisi ekonomikoan murgilduta gaude eta, gainera, botere ekonomikoak krisi hori langileok ordaindu dezagun nahi du». Testuinguru honetan langileen borrokaren beharra azpimarratu du: «Patronalak krisiaren pelota gure teilatuan jarri nahi du eta administrazioaren erabakiek botere ekonomikoaren interesak besterik ez ditu kontuan hartzen. Horregatik LABek krisiari erantzun gogorra eman dio lantokietan zein kalean». Bide horretan lanean jarraitzeko deia ere luzatu du sindikatuak «argi utzi nahi dugu sindikalismoaren papera ezin dela krisiaren gestioa izan eta langile mugimenduari interpelazio zuzena egin diogu langile borroka klabe ofensiboan kokatzeko helburuarekin».

Maiatzaren 21ean greba
Sindikatuak maiatzaren 21ean greba egiteko deia ere luzatu du, izan ere LABen iritziz, «krisi egoera hau ez da modu isolatuan jaio, Euskal Herrian aurrera eramaten diren politika ekonomiko eta sozialen ondorio zuzena da, langileoi inongo mesederik egiten ez diguna». Egoera aldatzeko, LABek erantzuteko deia luzatu du: «greba orokor honek eszenatoki berri bat irekitzea ahalbideratu behar digu. Hori da gure ustez langile mugimenduaren erronka; krisiaren gainetik, aldaketa politiko eta sozialaren motorra izatea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!