HERRI Arteko Pelota Txapelketan aurreneko partidua jokatuko du gaur Hernanik. Berastegiren kontra neurtu beharko ditu indarrak, joan eta etorriko partiduetan. Gaurkoa goizeko 11:00etan jokatuko dute Berastegin, eta etorrikoa datorren astean, Hernanin. Hernani faborito aterako da gaurko final zortzirenetako kanporaketan. Kadeteetan, Eneko Lujanbio eta Aritz Murgiondok irabazteko aukera dute, baina horretarako presiopean jokatzera ohitu eta nerbioak kontrolatu beharko dituzte. Jubeniletan, Eneko Aizpitarte eta Markel Lizeaga ziren jokatzekoak, baina aldaketak medio, Aizpitarteren ordez, Ioritz Arrietak jokatuko du. Partidu honetan Hernanik irabazteko aukera asko ditu. Senior mailan espero da partidu berdinduena. Josu Oiaga eta Aitor Gorrotxategik, Lizarribar eta Zubiriren kontra jokatuko dute. Bi taldeetako atzelariak bere kategoriako onenetakoak dira.
Finaleraino
iristeko aukerak
Hernanik talde dotorea osatu du eta finaleraino iristeko aukera du. Aipatutako pelotariez gain, kadeeetan, Ander Lopez eta Jon Ander Elorza; jubeniletan, Aritz Otaegi; eta seniorretan Paul Ojuel eta Ioritz San Sebastian pelotariak daude taldean.
Aurtengo txapelketa berdindua espero da. Izan ere, zortzi talde daude txapela irabazi dezaketenak, Hernani tartean. Hernanik, hala ere, badu bentaja bat, Herri Artekoak pelotazaleen artean pizten duen grina eta honek pelotariei ematen dien babesa. Aurten ere ez dute gutxiago espero.
Herri Arteko hiru txapel
Hernanik Gipuzkoako Herri Arteko hiru txapel eskuratu ditu, azkena 2005ean. Euskal Herriko Herri Arteko bi finaletan egotea ere lortu dute hernaniarrek.