Lana bilatzeko zein pauso eman azaltzen duen gida egin du Ongintza Patronatuak

Kronika - Erredakzioa 2009ko mai. 2a, 02:00

LANA  bilatu behar duenean, askotan nora jo ez dakiela geraten da pertsona, lehendabiziko aldia duelako, inoiz ez delako behartu, edo urte asko eman dituelako lan berean eta premiarik ez duelako izan. Azkenaldian jende askok Ongintza Zerbitzura jo du laguntza eske, eta Zerbitzuak, premiaz jabetuta, Lana bilatzeko urratsak izeneko gida egin du.

Lana bilatzeko 10 urrats
Liburuskan lana bilatzeko oinarrizko 10 urrats ematen dituzte: ahalik eta bide gehien erabili behar da, ez da aski leku batean izena ematearekin; komeni da inguruko jendeari jakinaraztea egoera; Lanbide eta INEMeko bulegoetan izena eman behar da; komeni da hedabideetan eta begiratzea, askotan hauetan argitaratzen direlako lan eskaintzak; aldi baterako lan enpresetan izena ematea da besta aukera bat. Ahal bada, saiatu behar da zehazten zein enpresatan lan egin nahi den, eta bertara jo (kurrikuluma bidali, deitu eta abar); inguruan dauden baliabideak ezagutu eta erabili behar dira (laneko orientatzaileak eta abar); lan eskaintza, lehiaketa eta lan poltsen berri lortu; ez etsi eta tokatzen den lana hartu (gero behar bada, aldatu).

Kurrikulumak eta elkarrizketak nolakoak
Gidan aholkuak daude enpresarekin harremanak ahalik eta egokienak izateko: lehenengo harremana telefonoz denean nola jokatu; kurrikuluma zer den eta zer jarri behar den ere azaltzen da gidan; lan elkarrizketa batean nola jokatu jakiteko aholkuak daude, eta azkenik, azaltzen dira aurrez aurreko elkarrizketa bat egiterakoan zeintzuk diren kontuan hartu beharrekoak.

Ahal den leku guztietara jo
Askotan joera da lekuren batera jo eta zain geratzea noiz deituko, eta ez da komeni hori egitea. Ahal den ate gehien jo behar da. Esate baterako, gidan adierazten dute, ahoz ahokoa izaten dela askotan biderik eraginkorrena lana bilatzeko, horregatik, komeni da inguruko jendeari egoeraren berri ematea. Horrez gain, badaude zerbitzuak propio horretarako prestatuak, esate baterako, INEM eta Lanbide enplegu bulegoak. Horietara jo behar da, izena eman, datuak eguneratu eta lan eskaintzen jarraipena egin.

Ondo begiratu
Lana bilatzeko garaian komeni da ahal den leku guztietan begiratzea, lan eskaintzak leku askotan azaltzen baitira: prentsa eta komunikabideak oro har, Internet, liburutegiko sarrera, Ongintza Patronatua, administrazioan lan egiteko deialdiak eta abar. Liburutegian, lanpostu batzuen eskaintzaz gain, liburutegiko azpiegitura erabili daiteke (ordenagailuak, prentsa eta abar), behar izanez gero.

Aldi baterako lan enpresak
ABLE-ek, Aldi Baterako Laneko Enpresek, ETTek, zubi lana egiten dute enpresa eta langilearen artean. Liburuskan dioenez, enpresa hauetako baten bidez lan eginez gero, lan horren sektoreari dagokion lan hitzarmen edo konbenioaren araberako soldata jasoko da. Bestalde, ABLE enpresari ez zaio ezer ordaindu behar eta soldatatik ere ez dute ezer kentzen. Gidakoak Donostian daude denak, esate baterako, Denbolan eta Bicolan.

Internet, bide garrantzitsua
Internet gaur egun bide garrantzitsua da lana bilatzeko, besteak beste, komunikatzeko eta informazio iturri zabala delako, eta komeni da sareak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzea. Internet bidez, besteak beste, Lanbide eta INEMeko web orrietara sartu daiteke.

‘Denok egin dezakegu lan’
Denok egin dezakegu lan lemapean kolektibo espezifikoei bideratutako lan postuak bilatzeko bideak ematen dituzte. Talde horietan sar daitezke osasun ezaugarri bereziren bat duten pertsonak, edo arazo fisikoren bat dutenak, edo produktu jakin batzuekin lan egin ezin dutenak, esate baterako.

Autoenplegurako laguntza
Autoenplegua edo norberak bere negozioa jartzeko aukera ere hor dago. Honelako kasuetan badaude dirulaguntzak, baita erakundeak ere, bere negozioa jarri nahi duten pertsonei laguntzen dietenak negozioa antolatzen, finantziazioa bilatzen, informazio juridikoa eta administratiboa ematen eta abar. Era honetako laguntzak ematen dituzte, esate baterako, ASLEk, Merkataritzako Ganberak eta Fomento Donostik.

Prestakuntza hobetzen
Formazioa hobetzeko ikastaro asko daude, horietako asko dohainik edo diruz lagunduta, langabezia eta lanean ari den jendearentzat. INEMek esate baterako, horrelako ikastaroak eskaintzen ditu. Horiez gain, badaude formazio espezifikoa ematen duten beste eskaintzak: euskaltegiak, euskara ikasteko; lanbide hastapeneko zentroak, ikastaro espezifikoetarako; KZGunea, Informatika ikastaroak egiteko, eta abar.

Familia eta lana batera
Lana eta familia uztartzen laguntzen duten zerbitzuak ere kontuan hartu behar dira, esate baterako, etxez etxeko zaintzaile zerbitzuak eta haurtzaindegiak.

Sindikatuak
Sindikatuek ere laguntza eman dezakete lan kontuetan: kaleratzea bidegabekoa izan bada, edo behar den bezala egiteko paperak, edo langilearen eta enpresen eskubideak zein diren jakiteko. Hernanin CCOOek (Latsunbe 1, behea), ELAk (Argarain 3, behea -Antziola-) eta LABek (Kardaberaz 58) bulegoak dituzte.

Interesgarriak
Enplegurako eta lanerako prestakuntza zerbitzua. Karobieta 63, behea (anbulatorio zaharra). Tlfa 943 335 021
Lan munduan eta gizartean txertatzeko zerbitzua. Gizarte Zerbitzuak. Sandiusterri 1.
Tlfa 943 557 854

INEM Lasarte.
Donostia etorbidea 5.  Lasarte
Tlfak 943 366 032 / 943 360 283
Faxa 943 366 118. www.inem.es

Lanbide Hernani Institutua. Karmelo Labaka 7.
Tlfa 943 551 411.
Faxa 943 330 550
langai@hernanibhi.com

Helduen Heziketarako Zentroa. Antziola 62
Tlfa 943 335 318
Faxa 943 335 247
012076aa@hezkuntza.net

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!