LAISTER posible izango da Lasarte edo Usurbilera autobuses joatea, zuzen-zuzenean, inolako transbordorik egin gabe. Arantxa Tapia Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketarako Departamenduko Foru Diputatuak asteartean, Batzar Nagusietan iragarri zuenez maiatza erdialdera jarriko da martxan Hernani, Astigarraga, Lasarte-Oria eta Usurbil lotuko dituen autobus zerbitzua. Linea honekin batera, Urnieta, Lasarte-Oria, Zubieta eta Usurbil lotuko dituen linea ere jarriko dute martxan maiatza erdialdean. Diputatuak azaldu zuenez, asmoa da etorkizunean bi linea hauekin bakarra osatzea. Baina aipatutako herri guztiak ibilbide bakarrean lotzeko, bigarren zinturoiko lanak bukatzera itxaron beharko da. Diputazioari galdetuta, autobus linea berri hauek izango duten ibilibide zehatza, geltokiak, prezioa eta abar. zehazten ari direla aipatu dute. Dena lotu bezain pronto horren berri emango dute.
EB-Berdeak alderdiak eskatuta
Arantza Gonzalez Ezker Batuak Berdeak taldeko batzarkideak, prentsa ohar baten bidez, poza agertu du zerbitzua martxan jarriko delako. Gogorarazi du zerbitzu hau martxan jarri dela «Ezker Batuak Berdeak taldeak Diputazioarekin 2008ko aurrekontuetan adostutako akordioa» medio. Batzarkideak zerbitzua berehala martxan jartzearen garrantzia azpimarratu du: «benetan garrantzitsua dena da zerbitzua berehala martxan jartzea, itxaroten denbora gehiegi eman dugu». Zerbitzuhau herritarrek aspalditik egin duten aldarrikapena dela ere azaldu du Arantza Gonzalezek, eta uste du, tresna garrantzitsua izango dela garraio publikoa bultzatzeko. Bukatzeko, Ezker Batuak Berdeak taldeko batzarkideak herritarrak animatu ditu autobus zerbitzu berri hauek erabiltzera, eta gogorarazi du Lurraldebus txartela erabili ahal izango dela, bere deskontuekin: «autobus-linea hauek mugikortasun sostengarriagoa lortzen lagunduko dute eta eskaintza erakargarria eta ekonomikoa eskainiko dute».