Aurkeztuko duzu zeure burua?
Mikel naiz, abizenez Peruarena, eta amaren aldetik Ansa. Orain dela 31 urte kasi jaio nintzen, Ereñotzun...
Liburuan ere Ereñotzukoa zarela esaten du. Makina bat azalpen eman beharko dituzu Ereñotzu non dagoen eta zer den azaltzeko?
Ez uste, Ereñotzu nahiko ezaguna da. Askok ezagutzen dute; Bilbo baino ezagunagoa da. Ereñotzuko festetan egon ez denik ez dago.
Eta ofizioz eta afizioz, nola definitzen duzu zeure burua?
Amonak hala esaten du: Ofizio asko, pobre seguro, eta ni halakoren bat izango naiz. Kazetaritza ikasken hasi nintzen eta utzi egin nuen, eta gero zer da eta, lanik txukunenak horretan topatu ditut. Orain horretan nabil, baina ez naiz atrebitzen kazetari naizela esatera.
Orain arte ‘Eguraldiaz Hizketan’ (2003) eta ‘Edan Ase Arte’ (2006) poema liburuak egin dituzu. Zergatik aldatu poesiatik nobelara?
Egia esan, nekatu samar nengoen poesiarekin. Gero eta gehiago kostatzen zait gustoko poesia aurkitzea, eta neronek gustoko zerbait idaztea ere bai. Eta aldatzeko gogoa nuen, beste zerbait probatzeko gogoa, ze idatzi gabe ez dakigu bizitzen...
Nolakoa izan da poesiatik nobelarako saltoa,
bat-batekoa, ondo neurtua, edo nolakoa?
Ez, bat-batekoa ez; narrazioak idazten ibili izan naiz azkeneko urteetan; ez ditut argitaratu, baina nahiz eta kanpora ez atera... Barruko prozesua lasaiagoa izan da, ez da halako saltoa izan...
Nobela bera bai, aldaketa izan da; beste prozezua da, idazteko orduan eta, beste erritmo bat eskatzen du, kontzentrazioa, lana eskatzen du, askoz jarraiagoa eta, baina ez da halako aldaketa haundia ere izan...
Zer dute bakoitzak berezia, poesiak eta nobelak?
Zaila egiten zait erantzuten, ikusita biak ere ez direla zaletasun haundia sortzen duten kontuak. Iruditzen zait, gutxi batzuk baditugula horrelako afizioak, beste batzuei futbola gustatzen zaien bezala. Niretzat zaila da bereiztea, jendeak bereizten du, poesia eta nobela... Nire ustez, ohitura falta besterik ez da. Zuk kriket partidu bat ikusten duzun lehendabiziko aldian, arrunt konplikatua irudituko zaizu, edo etortzen bazara Senegal aldetik, eta pelota partidu bat ikusten baduzu, esango duzu: zer kristo egiten ari dira hauek! Joko hau ezin da entenditu! Poesiarekin gauza bera gertatzen dela pentsatzen dut.
Egia da, irakurri ere desberdin irakurtzen dela; akaso kontzentrazio gehiago eskatzen du, normalean narrazioa arinago irakurtzen da...
Zergatik idazten duzu?
Jakingo banu, buruhauste batzuk konponduko nituzke... baina ez dakit. Txikitatik gustatu izan zait irakurtzea; gero oso gazterik hasi nintzen idazten, barruko beharra izango zen edo... Eta gustoa hartu. Gustora sentitzen naiz idazten.
Orain, nobelaren kasu honetan, gustora ari naiz beste mundu bat imajinatzen, beste pertsona batzuk eta... jainko txiki bat izateko jolasa da; azkenean jendea osatzen ari zara, nolakoa den, zein harreman dauzkan, zer egingo lukeen, zer pentsatuko lukeen... Jolas bat da. Gero gainera aukera irekitzen du, gogoetarako, zer petsatua emateko, eztabaida sortzeko... Komunikazio tresna bat da, komunikazio tresnek duten eta irekitzen dituzten aukerekin, baita bere ezintasunekin ere, jakina.
Zer komunikatu nahi duzu?
Bakoitzak bere kezkak baditu, eta horiek zabaldu nahi izaten ditu bere inguruan, eta eskura dituen tresnak erabiltzen ditu horretarako.
Donostia, 1897ko martxoa-1900 azaroa. Nobelan esaten duzunez, Ez da garai erraza: Ramiroren tabernan biltzen den jende hau ni bezalakoa da, oharkabean esaten ditu esan behar ez direnak, konturatu gabe salatzen du adiskidea, edo ogi kozkor batengatik ematen dio ostikoa ipurdian. Zergatik garai hori? Zergatik Donostia?
Ezezaguna delako hasteko. Uste dut gure literaturan, euskerazko literaturan alegia, ez dugula garai hari buruz hitz egin.
Literatura gure buruari hitz egiteko modua da, tresna soziala da, eta hor sortzen diren istorioak eta mezuak-eta gure buruari hitz egiteko moduak dira: gizarteari, geuk geure buruari...
Iruditzen zait geuk geure buruari ez diogula azaldu zer izan zen garai hura, badago Karlistadei buruzko zerbait, badago Mundu Gerrari buruzko zerbait, baina Kubako Gerrari buruz apenas ezer dagoen; orduan, iruditzen zait gure buruari ez diogula historia hori kontatu eta daukaguna da garai hartako apaizek eta halako jendeak idatzi zuena, beren aurreiritzi eta pentsamendu kontserbadore erabat tendenziosoarekin idatzitako zerbait. Eta pentsatu nuen aukera ona izan zitekeela garai hura geure buruari berriz kontatzeko. Garai interesgarria izan zen. Gainera, orduan sortzen hasi ziren gauza asko bizi ditugu orain.
Nobela historikotzat joko zenuke?
Ez zait gustatzen etiketa hori. Iruditzen zait nobela historikoak askotan historia liburuak direla, nobelaz mozorrotuta; batzuetan historiaz hitz egiteko pertsonaiak eta egoerak eta erabiltzen dira... Nik garai hura kontatu nahi nuen, baina historia bat kontatu nahi nuen, pertsonaiekin eta pertsonaia horiei zer gertzatzen zaien... pertsonaiak dira nire motorea, ez historia bera. Eta nobela historikoan niri zera iruditzen zait, ez ote den historia motorea eta pertsonaiak aitzaki. Saiatu naiz pertsonaiak pertsona bezala tratatzen eta ez historiako monigote bezala, txontxongilo bezala...
Ez dakit nobela historikoa egiten duten idazleek ere horrela bizi duten, baina errezeloa dut emaitza askotan hori dela... Egia da gero dena nahastu egiten dela, benetan gertatutako gauzak kontatzen ditut, baina nirean pertsonaiak dira motorea, gero besteak sartuko dizkiogu, ezin du bestela izan...
Frantsesa delako pertsonaiak Okzitaniarra dela dio: zuk uste duzuna baino hobeto ulertzen zaitut esaten dio protagonistari. Eta hark azkenean: gizon zintzo eta umilaren traza hartu nion orduan. Mezuren bat al dago hor atzean?
Saiatu naiz dena ez esaten; pertsonaia bakoitzak bere burua definitzen du, egiten eta esaten duenarekin, irakurtzen ari denak bere ondorioak atera ditzan. Ez zait gustatzen esatea frantsesa limurtzaile bat zen, edo frantsesa per-tsonaia gixajo bat zen. Nahiago dut esaten dutenarekin eta egiten dutenarekin erakutsi, beste pertsonaiekin dituzten harremanekin, zer esaten duten, zer isiltzen duten... zera horiekin. Elemento hau ez dakit zer den... irakurlea hausnarketa horretara iristea askoz aberatsagoa da.
Orduan, gainera interpretazio desberdinak egin daitezke. Bakoitzak bere ikutua ematen dio eta nik ez dut gehiegi baldintzatu nahi. Frantsesari buruz gauza desberdinak esan dizkidate, eta bai, izan daitezke gauza batzuk, eta beste batzuk ez, edo bai, zuri hala iruditzen bazaizu...
‘Ez obeditu inori’ garai hartako esaera da.
‘Ez obeditu inori’ Kubara gerrara bidali zuten soldadu batek idatzitako bertso batzuetatik aterea da, behartuta eraman omen zuten... Bertsoak benetakoak dira.
Eta protagonistek zeini edo zeri obeditzen diote?
Bere burua da bakoitzaren nagusia, hari obeditzen diote. Arrazoi oso ezberdinak dituzte. Ez dut azalduko bakoitzaren motorra zein den, irakurtzen duenak, gero, nahi badu nirekin hitz egin, ni prest nago aztertzeko zerk mugitzen duen bakoitza, eta zerk ez, ze, gauza asko izkutuan daude, erdi gordeta eta ez naiz hasiko orain dena azaltzen... Esango dugun gauza bakarra da bakoitza oso pertsonaia ezberdina dela, oso intentzio, amets eta motore ezberdinak dauzkana, eta horiek, interes desberdin horiek izango dira momentu batean protagonistak elkartu eta ba-nanduko dituztenak.
Prentsaurrekoan esan zenuenez, ahoz erabiltzen den hizkeran dago idatzia. Zergatik zehaztu hori?
Idazle bati entzun nion orain dela gutxi esaten estandarizatu egin dela idazkera, oso laua dela; hizketarekin gertatzen ari dena, gazteen artean. Irudipena daukat, inguruaren arabera, oraindik inguru txikiagoetan, Ereñotzun eta, baserri inguruetan eta, oraindik euskera etxean jasotzen den lekuetan, oraindik gordetzen duela halako bizitasun bat, baina gero eta euskaldun gehiago daude eskolan edo euskaltegian ikasi dutenak eta bizitasuna galtzen ari da.
Eta idazterakoan batua, estandarizatua erabiltzen da, eta freskotasuna galdu du askotan, edo kolore gabeko idazkera erabiltzen da askotan, planoa.... Eta nik saiakera egin dut ahozko hizkerara gerturatzeko, baina ez guk erabiltzen duguna, baizik eta gure aitona-amonek erabiltzen zutena...
Orain arteko liburuen izenburuei erreparatuta, Eguraldiaz hizketan, Edan ase arte, badirudi hizkera zuzena, bizia bilatzen duzula?
Ni konturatu naiz aginduak emateko ohitura dudala: edan, ez obeditu... Gainera Ez obeditu inori espresio berezia da, bere baitan ez betetzeko eskatzeko agindua baita: inori ez obeditzeko esaten duen agindua.