mañel Aizpurua eta Olatz Altuna igerilari hernaniarrak Lehenengo mailako Espainiako Kopan izan dira duela gutxi, Castellonen. Bi igerilariek ere pozik egoteko motiboak dituzte, sekulako txapelketa egin baitute. Bardulia taldearekin hartu zuten parte txapelketan bi igerilariek. Taldekako proba izanda, txapelketan ez zituzten bakarkako sariak eman, baizik eta igerilari bakoitzak proba ezberdinetan egindako postuen arabera osatu zen sailkapena, taldeka. Mutiletan, ohorezko mailara igo zen Bardulia taldea eta hurrengo urtean onenen artean lehiatuko du. Nesketan, Barduliak ezin izan zuen kategoria mantendu nahiz eta marka onak lortu.
Euskadiko errekor berriak
Olatz Altunak, 50 metro librean, 25’’28ko denbora egin zuen. Marka honekin Euskadiko errekor berria lortu du eta Espainiako errekorretik (25’’16) 12 ehunekora geratu da. 4X50 libretan, marka hori hobetzea lortu zuen, 25’’22 eginda. Beste hiru probetan ere marka onenak egitea lortu zuen: 100 metro librean, 56’’30; 50 metro tximeletan, 28’’86 eta 100 metro tximeletan, 1’05’’20. Mañel Aizpuruak, 4x100 metroko proban, 100 metro libreko distantzian, 49’’21eko denbora lortu zuen, Euskadiko errekor berria. Bi egun beranduago, 100 metro libreko bakarkako proban 49’’11ko denbora lortu zuen. 200 metro libreko proban 1,51’’8 denbora lortu zuen, baina marka hori hobetu egin zuen 4X200 libreko erreleboko proban, distantzia horretan, 1’47’’87ko marka eginda. Ordu batzuk beranduago marka hori hobetu egin zuen, bakarkako proban, 1’47’’64ko denborarekin. Marka honekin Euskadiko errekor berria jarri du Mañelek. Bi igerilariek Udako Espainiako Txapelketa dute orain helburu nagusia. Euskadiko eta Espainiako igerilari onenen artean daudela erakutsi nahiko dute ahalik eta domina gehiena lortuta.