«Arazo sozial haundi baten atzean gaude eta ezinbestekoa da arazoaren oinarrietara jotzea»

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 28a, 02:00

lan Osasunaren Nazioarteko Eguna da gaur eta egun honen bueltako hainbat adierazpen egin ditu Usoa Barrutiabengoa Enplegu zinegotziak, prentsa ohar baten bidez. Zinegotziaren esanetan, onartezinak dira laneko istripu, gaixotasun eta heriotzen datuak: «urtez urte 135.000 istripu inguru, 100 heriotza baino gehiago, lan gaixotasun baten ondorioz hiltzen diren milaka langile eta bizitza osorako ezintasun iraunkorraz beste horrenbeste geratzen dira». Beste datu hauek ere gogorarazi ditu zinegotziak: «2007. urtean lan istripuetan hildakoak 125 izan ziren; 2008. urtean 112 izan ziren eta aurten jadanik 20 langile hil dira». Lan osasuna arazo sozial larri bat dela aipatu du zinegotziak eta, hori dela eta, ezinbestekotzat jotzen du arazoaren sustraietara jotzea. Lan istripuen atzetik bi arrazoi daudela aipatu du: «alde batetik, enpresarien helburu nagusia etekina baino ez dela, eta ez dutela ulertzen segurtasunean gastatzen dena ez dela kostua, inbertsioa baizik. Eta bestetik, Euskal Herrian dugun arazoa gure Lan Harremanetarako Esparru propioa eraikitzeko, bi Estatuen inposaketari aurre egiteko». Honen aurrean, lan istripuei aurre egiteko lan harreman eta prebentzio eredu ezberdinak beharrezkotzat jo ditu Usoa Barrutiabengoak, «osasuna negozioaren ordez, eskubidea lehentasuna izan dadin, arriskuei eta kalteei aurre egiteko eredu publiko, unibertsal, kalitatezko eta parte-hartzailea behar dugu». Bukatzeko, aldarrikapen hauen inguruko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du Enplegu zinegotziak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!