Hernanik 3-2 irabazi zion Tolosari, Zubipeko berotasunean

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 26a, 02:00

Hernanik atzokoan ere ez zuen hutsik egin. Tolosaren kontra jokatu zuen Zubipen, eta 3-2 irabazi zuen. Modu honetara, 3 puntuak etxean geratzea lortu zuen, 2. postuari eusteko oso garrantzitsuak izango dituenak. Partidu hasiera ez zen erraza izan txuri berdeentzat. Jakina da Tolosak duen taldea oso ona dela , Gorengoen mailan dagoen onenetakoa, eta partiduan sartzea kosta egin zitzaien hernaniarrei. Lehen zatiaren hasieran tolosarrak jarri ziren aurretik markagailuan, eta gainera aurreneko 20 minutuetan baloiaren jabe izan ziren. Baina txuri berdeen erreakzioa berehalakoa izan zen. Geroz eta gol aukera gehiago sortu zituzten, eta saria lehen zatiko amaieran etorri zen 1-1ekoarekin; gola Iñigo Rinconek sartu zuen. Berdinketaren golak indarra eta adorea eman zien hernaniarrei, eta bigarren zatiaren hasieratik jaun eta jabe izan ziren berdegunean. Bosgarren minutan 2-1eko gola sartu zuen Gorka Kijerak, eta minutu gutxi geroago 3-1ekoa Mikel Aginagaldek. Tolosarrek azken gola, 3-2koa, deskontuko minutuetan sartu zuten. Atzoko eguraldi petral eta hotza Zubipera hurbildutako afizioak berotu zuen, eta taldeak eskerrak eman dizkie herritarrei. Egin beharreko lanak ezin hobeto eginda, Aretxabaletaren gaurko emaitzaren zai dira hernaniarrak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!