Hernaniko eta inguruko herrietako txistulariek topaketa izango dute gaur herrian

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 26a, 02:00

TXISTULARIEN topaketarekin bukatuko da gaur aste osoa iraun duen bosgarren Txistulari Jaialdia. Topaketan Hernaniko zein inguruko herriak izango dira, besteak beste honakoak: Astigarraga, Pasaia, Irun, Donostia, Oiartzun eta Donibane Loizune. Topaketa goizetik hasiko dute. 10:00etan Diana izango da herriko kaxkoan eta inguruko auzoetan. Ondoren 12:30etan dantzaldia izango da Plaza Berrin (euria egingo balu Udaletxeko arkupetan). Goiza txistu doinuak zabalduz pasa ondoren, elkarrekin joango dira bazkaltzera Santa Barbara elkartera; eta azkenik, arratsaldeko 18:30etan kalejira egingo dute herriko kale eta plazetan.

Atzo Txistulari Gazteen txapelketa izan zen
Txistulari Jaialdiko egun haundia atzokoa izan zen. Hernaniko Txistulari Gazteen Txapelketa izan zen Milagrosan, eta bertan Euskal Herritik etorritako neska mutilak aritu ziren lehian. Txapelketa hiru mailetan banatu zen. A kategorian, 13 gaztek hartu zuten parte, 12 urtez azpikoak, eta aurreneko hiruak hauek izan ziren: Alain Soraluze, Beñat Vicario eta Ainara Martinez. B kategorian, 13-16 urte bitartekoan, 11 lagunek hartu zuten parte, eta aurrenekoa Jon Mujika hernaniarra izan zen. Ondorengo biak Diego de Vera eta Martin Erro izan ziren. Azkenik, D kategorian 7 taldek hartu zuten parte, eta hemen ere Hernanik lortu zuen saria; hirugarrena hain zuzen. Lehenengoa Irungo Txingudi taldearentzat izan zen eta bigarrena Irungo Txingudi taldearentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!