Victor Hugo Hernanitik pasa zenean bertakoak ez ziren enteratu ere egin. 1843garren urtea zen eta bisita labur bat besterik ez zen izan hura, geldialditxo bat. Ordurako baina, ezaguna zen Hernani obra, lehenik Parisen estreinatu zuen 1830ean, eta ondoren Europako beste hiriburuetan. Beraz, gezurra da Hugori urte hartan, gure herritik pasa zenean, okurritu zitzaionik izen hori jartzea antzezlanari, askori lehen kolpean arrazoi hori etorri arren burura. Orduan, zergatik jarri zion idazle frantziarrak bere obra polemikoenari kasik ezagutu ere egiten ez zuen herri baten izena? Erantzuna, baliteke bere familian egotea. Victor Hugok txiki-txikitatik haren aita militarrari segitu zion Napoleonen ejertzitoarekin batera. Horrela, hugotarrak Napolesen izan ziren, bai eta Espainian ere, frantziarrek lurralde hori okupatu zutenean XIX. mende hasieran. Batzuen ustez, aita jeneralaren lanbideak eman zion Hernani herriaren berri, garai haietan, gerra zela-eta, hitzetik hortzera ibiltzen baitziren fronteko herrien izenak eta Hernani frantziarrek sakeatua izan zen 1813an. Baina, zer esan zioten gure herriaz, bandido batekin identifikatzeko? Hori da argitu gabe dagoen galdera. Izan ere, Hernani-ko protagonista, izen bereko anti-heroi bat da, Erdi Aroko Espainian noble bezala mozorrotzen den lapurra, eta erreginaren bihotza eraman nahian tragedia bat probokatzen duena.
Politikan sartzen zen literatoa
Victor Hugok segituan erakutsi zuen idazteko eta margotzeko abildadea, bai eta imajinazio handia ere. Horregatik, ez da harritzekoa Parisera itzuli zenean, Charles Nodier-en liburutegia bisitatzea, hura baitzen erromantizismo frantsesaren sehaska. Han ezagutu zuen lehen euskaldun erromantikoa: Agosti Chaho zuberotarra.
Parisen zela, korronte erromantikoan erabat sarturik, hizkera eta idazlanengatik nabarmentzen hasi zen. Ordukoak dira Hernani (1830), Erregea dibertitzen da (1832) edo Pariseko gure andrea (1831) lan ezagunak. Politikan ere buru-belarri aritu zen; orokorrean ideia aurrerakoiak izan zituen, nahiz eta bere bizitzako azken etapan moderatu egin zen. Alde horretatik, kontaezinak dira izan zituen eztabaidak, borrokak eta ziaboga ideologikoak; izan ere XIX. mendeko gertakizun garrantzitsu ugari bere haragitan bizi izan zituen Hugok, 1848ko iraultza edo 1871ko Pariseko komuna, kasu.
Euskal Herrira bidaia
Hugo ez zen bidaiari peto-petoa. Orduko bidaiari erromantikoek Bengalako golkoan edo Kongoko oihanetan jokatzen zuten lepoa, eta Hugok apenas pasa zuen bere herrialdeko muga. 1843an alaba Léopoldine hil zitzaion, eta katarsi moduko batek eraginda ´Pirineoetara` bidaiatzea erabaki zuen bere amorante Juliette Drouet-ekin batera. Orduan ezagutu zuen Euskal Herria, eta orduan maitemindu zen Pasaiaz. Gero, idazlea hil zenean, bidaia hartatik hartutako apunteekin liburua argitaratu zuten, Les Pyrénées (1890). Apunte horien egokitzapena egin zuen Koldo Izagirrek Idi orgaren karranka izeneko lanean (Elkar, 2002).
Zer nolako Euskal Herria aurkitu zuen Hugok? Gerra karlistak zatitutakoa. Joxe Azurmendi pentsalariak dio Hugorentzat bi aurpegiko Euskal Herria zegoela: naturala eta desnaturala. Lehenengoaren sinbolo Pasai Donibane zen, hango emakume txalupariak, giroa, paisaia... Bigarrena, berriz, kolperik jotzen ez duen Erdi Aroko ´Espainia beltzaren` irudi negatiboa da, Donostiak eta Lezok ordezkatua, batez ere. Dena den, Baiona, Donostia, Tolosa, Hernani eta Iruñean barrena egindako ibilaldietan, segituan konturatu zen lurralde berezia zela honakoa. Esaldi borobil batekin aitortu zuen pentsatzen zuena: ´Euskaraz sortu, euskaraz mintza, euskaraz bizi eta euskaraz hil. Euskara aberri da hemen; erlijio, esanen nuke kasik`.
Hernani: ´fisonomia espainiarra`
Gure herritik pasa zenean (gerra karlistako bonbek txikituta, bestalde) apunte eskas batzuk hartu zituen Hugok. Horietan ez du ezer argitzen hamahiru urte lehenago Hernani antzezlanari izen berdina jarri izanaz; txikitan, Madrilera bidean, bertatik pasatu zela akordatzen da, besterik gabe. Hala ere, deskribapen zehatz eta ederra erregalatu zigun: ´Hernanik ez dauka monumenturik, eliza arrunt bat –Pompadour estiloko portiko aberatsa duen arren– udaletxe ezdeus bat; baina Hernanik paisaia miresgarria dauka eta katedral batek adina balio duen karrika. Hernaniko karrika nagusia, dena erliebezko armarriek, bitxi-balkoiek, atari jaungoenekoek apaindua, egun almenen ordez amatxi-loreak dauzkan borta hondatu batek itxia, liburu bikaina dugu non irakurri daitekeen, orrialdez orrialde, etxez etxe, lau mendetako arkitektura`.
Baina ondoren, Tolosatik pasatzean, hara zer konparazio egiten duen: ´Umetan iragana nintzen eta oroit neukan Hernanik, Tolosak baino haboro (gehiago) du fisonomia espainiarretik`. Hortaz, Hernani ere, Donostia bezala, Espainia beltzaren iruditzat zuen? Auskalo. Baliteke besterik gabe, hitzaren sonoritatea gustatu zitzaiolako jartzea ´Hernani` izena bere antzezlaneko bandoleroari. Baina, eta umetako oroitzapen horiek bultzaturik egin bazuen? Hernanik Erdi Aroko Espainia gogoratzen ziolako jarri bazion izen hori antzerkiari? Hori ote da Victor Hugorekin lotzen gaituena?
--------------------------------------------------
´LA BATAILLE D´HERNANI`:
ZER GERTATU ZEN PARISEKO TEATROAN?
Hernani obraren estreinaldiak bi pentsakera ezberdinen arteko borroka eta iskanbila sortu zuen.
Gertakizun hura mugarri bat da antzerkiaren historian eta gure herriaren izena du soinean.
Antzezlana bezain garrantzitsua izan zen bere inaugurazioa. Hernani-ren estreinaldia antzerkiaren historiara pasatu da erromantizismoa fundatu zuen gertaera bezala. Zergatik? Sekulakoak eta bi izan zirelako bi pentsakera ezberdinen artean: klasikoak eta erromantikoak.
Hugo probokatzailea
Hugo gaztea probokatzaile bat zen. Korronte erromantikoarekin bat eginez arauak hautsi nahi zituen, ordura arte zegoen klasizismoaren jerarkiarekin amaitu eta antzerkiaren askatasuna defendatzeko. Segituan sortu zuen polemika bere lanekin; Marion de Lorme izeneko antzerkia zentsuratu zioten lehenik eta horren ondoren etorri zen, Hernani obrarekin, iskanbilarik ikaragarriena.
Klasizistentzat Hugoren eta erromantikoen lana erabat subertsiboa zen. Hernani, tragedia koldar batean amaitzen zen eta orduko baloreen kontra jotzen zuen. Kontuan izan behar da garai haietan, antzerkia zela pentsamendu politikoak adierazteko metodorik hoberenetakoa, eta Pariseko Comédie-Française teatroa horretarako megafonorik potenteena. Han gertatu zen ´Hernaniko bataila` bezala ezagutu izan dena.
Kapelak zapalduz
Gauza da, klasizistek eskatu ziotela Charles X errege kontserbadoreari obra hori debekatu zezala. Baina erregeak Victor Hugori ´indemnizazioa` eskaini zionean Hernani antzezlana geldiarazteko, honek ezezko borobila eman zion. Ez genuen gutxiago espero.
1830eko otsailaren 24an, antzerkiaren estreinaldira azaldu ziren klasizisten defendatzaileak, ekitaldia saboteatzeko asmoz. Baina Hugo eta enparauak prest zeuden txistu eta algarei erantzuteko, tartean zen Theophile Gautier idazlea, famatu egin zuen jaka estrabagantea jantzita; honela gogoratzen zuen gertatutakoa: ´Atsedenaldian, kapelak zapaldu genituen ukabilekin`. Ezin zuen finago deskribatu kontrarioei emandako jipoia.
´Bataila` hura erromantizismoaren garaipentzat dute askok, Hernani lana antzezten jarraitu baitzen hurrengo urteetan eta Giussepe Verdik are famatuago egin zuen Ernani operarekin 1844an. Horrez gain, orain gutxi pelikula bat egin du Jean-Daniel Verhaeghe zuzendariak gai horri buruz.
´Bataille d’Hernani`
Hain egin zen ezagun Pariseko teatro hartako borrokaldia, gaurdaino iraun duela la bataille d’Hernani esamoldeak. Eskandalu batek sekulako buila sortzeko arriskua duenean erabiltzen da, berdin literaturako kontuetan, zineman edo ekonomian. Beraz, Frantziako prentsan irakurtzen baduzue ´Hernani-ko bataila` gertatu dela, ez ikaratu.