Errenta Aitorpena 2008: 205.000 gipuzkoarrek jasoko dute Errenta Aitorpena egina etxean

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 25a, 02:00

PFEZ (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) edo IRPFa zerga bat da, urtean pertsonak jasotako errentengatik ordaindu behar duena, diru sarreren araberakoa. Langileen kasuan, Ogasun Sailak soldatatik kentzen duen zatia da, enpresaren bidez, aurrerago ordaindu beharko diren zergen aurrerapen gisa. Alegia, Ogasun Sailak jaso, atxiki edo retenitzen duen diru kopurua da, aurrera begira susto haundirik izan ez eta errenta aitorpenean diru asko ez ordaindu behar izateko. Urtean zehar atxikitzen den kopurua hainbat faktoreren araberakoa izaten da, besteak beste, norberaren eta familiaren araberakoa (ezintasunak, ezkon egoera eta abar kontuan hartuz); kontratu motaren araberakoa (aldi baterako kontratuei gutxiago retenitzen zaie normalean); eta diru sarreren araberakoa, alegia, jasotako diruaren arabera hainbateko zerga ordaindu behar da.

Nork egin eta nork ez
Askotan entzuten den kontua da jendeak ez dakiela errenta aitorpena egin behar duen edo ez. Printzipioz, errenta aitorpena egitera behartuta daude lanarengatik, ondasunengatik edo diruarengatik etekinen bat lortzen duten pertsona guztiak. Salbuespenak ere izaten dira, eta, orokorrean, honako kasuetan ez da derrigorrezkoa errenta aitorpena egitea: kapitalak eta ondareak emandako urteko etekina 1.600 eurotik beherakoa bada; lanaren etekin gordina 12.000 eurora iristen ez bada; edota urteko lanaren etekin gordina 12.000 eta 20.000 euro artean badago, beti ere, baldintza batzuk betez gero.

Zer aitortu behar den
2008an irabazitako etekin eta irabazi guztiak aitortu behar dira printzipioz: Lanaren etekinak (soldatak, pentsioak eta abar); kapital higigarrien (dirua) etekinak (kontuen interesak, letrak, dibidendoak eta abar); ondasun higiezinak (etxebizitza, lokal eta abar) alokatzeagatik jasotako etekinak; jarduera ekonomikoen etekinak (enpresari eta profesional autonomoek); ondarearekin lotutako irabazi eta galerak (etxebizitzak saltzeagatik, akzioak saltzeagatik eta abar); eta beste. Era berean, ondasun komunitate bateko, banatu gabeko herentzia bateko, edo antzeko entitate bateko kide izanez gero, hori ere deklaratu behar da, bakoitzari dagokion partea adieraziz. Aurtengo errenta aitorpenean salbuespenak ere izango dira, beti ere, beren berezitasun eta mugekin, esate baterako, ezintasun iraunkorrengatik jasotako prestazioak, kaleratzeen kalte ordainak eta abar ez dira aitortu behar.

Bonifikazio, murrizketa eta dedukzioak
Lanarengatik jasotako diru sarrerei dagozkien gastuak kendu ondoren, geratzen den horri bonifikazioak aplikatzen zaizkio, diru kopuruaren arabera kalkulatzen direnak. Bestalde, murrizketak daude mutualitateei, aurreikuspen plan aseguruei, pentsio planei, menpekotasun aseguruei eta bestelakoei egindako ekarpenengatik. Bestalde, kenkari edo dedukzioak izango dira: orokorrak, egoera familiarrarengatik (seme-alabengatik, ahaideengatik, adineko pertsonen ardura izateagatik eta abar), alokairua ordaintzeagatik, gobernuz kanpoko erakundeei laguntzeagatik, sindikatuei dirua emateagatik eta abarrengatik. Errenta aitorpena egiterakoan, bakoitzak aztertu beharko du banakako edo baterako (conjunta) errenta aitorpena interesatzen zaion, baterakoa egiteko aukera dagoen kasuetan.

Bost modu errenta aitorpena egiteko
Errenta aitorpena egiteko moduak aldatzen ari dira. Orain arte martxan zegoen diskete bidezko modalitatea desagertu egin da eta norberak paperean egiteko aukera izan, bada oraindik, baina beste erak erabiltzea gomendatu du Foru Ogasunak. Aurtengo errenta aitorpena egiteko bost modu daude.
Autolikidazioa da horietako bat. Zergadun batzuk postaz jasotzen dute errenta aitorpena, Foru Ogasunak egina. Zergadunak zuzena dela irizten badio,  bere konformidadea adierazi behar du, bi modutara, telefonoz edo Internet bidez. Ez badu onartzen, beste modalitate batera jo behar du. Aurten Ogasunak 205.000 errenta aitorpen bidaliko ditu eginda. Autolikidazioa jasoz gero, komeni da ondo begiratzea, batez ere egoera pertsonalean aldaketak izan direnean, aldaketa guztiak ez baitaude agian ondo jasoak.
Mekanizatua esaten zaiona da bigarrena. Zergadunak dokumentazioa errenta mekanizatua egiteko bulego batean aurkeztu behar du eta teknikari batek lagunduko dio autolikidazioa egiten.
Hirugarren era Internet bidez egiteko da. Errenta programa Internetetik jaitsi daiteke, aitorpena programa horrekin prestatu eta Internet bidez bidali.
Internet bidez egiteko beste modu bat ere badago, finantza entitate laguntzaileentzat eta ordezkari profesionalentzat (aholkulari eta kudeatzaile) prestatua.
Azken aukera paperean egitea da. Norberak kalkuluak egin eta  aitorpenaren inprimakia  bete behar du. Foru Aldundiak gomendatzen du, kalkulu akatsak alde batera uzteko, beste edozein eran egitea.
Errenta aitorpena egiten duenak aldez aurretik egin dezake errenta aitorpenaren zirriborro bat, eta hartara, jakin errenta aitorpena egiteko garaian ordaintzea edo kobratzea tokatuko zaion, batez ere, ezustekoak sahieste aldera. Errenta egiteko, www.gipuzkoa.net-en sartu behar da eta laguntza programak atalean klikatu.

Norberaren zerga informazioa
Foru Ogasunak norberari buruz duen informazioa eskuratzeko aukera du edonork, pasahitz baten bidez, eta informazio horretaz baliatu daiteke errenta aitorpena egiteko. Pasahitza webgunearen bidez edo Ogasun bulegora bertara joanda eskatu daiteke.

Kobratzeko eta ordaintzeko epeak
Ogasunak konpromezua hartu du, errenta aitorpena era mekanizatuan edo autolikidazioa eginez gero, onartu eta 3 lan eguneko epean ordainketa egiteko.
Ordaintzea tokatuz gero, bi modutara egin daiteke: kolpe batean, ekainaren 30ean, edota bi kolpetan, %60 ekainaren 30ean, eta %40 azaroaren 10ean (interesik gabe).

Errenta aitorpena ere euskeraz
Gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarrak, zailtasunei aurre eginda, eta aurtengo erronka da herritarren %10ek gutxienez euskaraz egitea.
Hasiera batean zail samarra dirudien arren, gero eta errezagoa da, zentzu guztietan, hori ere euskaraz egitea: baliabideak euskaraz daude -agiriak, informazioa eta abar-, harreraguneetan, herrietan eta Foru Aldundian bertan, euskaraz hartzen dute jendea, agiriak gero eta ulergarriagoak dira eta herritarrak gero eta gehiago saiatzen ari dira administrazioarekin euskaraz egiten.
Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek herritarren eskura jarritako www.buruntzaldea.org web orrian sartuz gero, besteak beste, errenta aitorpena euskaraz egiteko laguntza aurki daiteke: errenta aitorpena egiteko moduak, aurkezteko tokiak, Buruntzaldeko herri bakoitzari non dagokion egitea, eta baita ere, herri bakoitzean errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera ematen duten gestorien datuak. Edozein zalantza izanez gero, Udaletako Euskara Zerbitzuetara ere jo daiteke. Helburua, azken batean, gizartea aktibatu eta errenta aitorpena euskaraz egitera animatzea da.

Nork egin behar du errenta aitorpena

Printzipioz, zerga ordaintzera behartuta dauden errentak (lanaren etekinak, jarduera ekonomikoen etekinak, kapital higigarri eta higiezinak, ondareek emandako irabaziak eta abar) jasotzen dituzten pertsona guztiek egin behar dute.
Hala ere, zergadunak ez daude behartuta, honako kasuetan:

► Kapitalak eta ondareak emandako etekina 1.600 eurotik beherakoa bada. 
►  Lanaren etekin gordina 12.000 eurora iristen ez bada. Edozein onura, salbuespen edo dena delakoa jasotzeko baldintza, betebehar edo epeak errespetatzen ez dituzten zergadunek salbu.
► 12.000 eta 20.000 euro arteko lan etekina jasoz gero. Baina, hauetako ezaugarriren bat betetzen dutenek egin behar dute:  
- Ordaintzaile batengandik edo gehiagorengandik lan etekinak jaso eta retenitu beharrekoa ez bada retenitu. 2008an lan kontratu bat baino gehiago izan dutenek.
- Lan kontratua berritu dutenek. 
- Bikotearengandik pentsioren bat jasotzen duten pertsonek (epailearen aginduz gurasoek emandakoak salbu).
- Foru erakundeek onartu ez duten araudi baten arabera kalkulatu diren edo EAEko foru aldundiren batean ez badira ordaindu.
- Egunka kobratzen duten langileek.
- Arrantzontzietako langileek, baldin eta soldata, osorik edo zatiren bat, egindako arrantzaren arabera jasotzen badute.
- Egindako lanaren arabera, komisioren bat kobratzen bada, beti ere, Foru Aldundiak jarritako mugatik gorakoa bada.
- Edozein onura, salbuespen, murrizketa edo dena delakoa jasotzeko baldintza, betebehar edo epeak errespetatzen ez badira.

______________________________________

Bost modutan

1) Autolikidazioa. Zergadunak postaz jasoko du aitorpena, Foru Ogasunak egina. Zergadunak, ados baldin badago, maiatzaren 8ra bitarte izango du epea ados dagoela adierazteko, telefonoz, 902 100 040 zenbakira deituz, edo www.gipuzkoa.net web orrian sartuz. Ez badago ados, beste modalitate batera jo beharko du.
2) Mekanizatua. Zergadunak dokumentazioa eraman behar du errenta mekanizatuko bulego batera eta teknikari batek lagunduko dio autolikidazioa egiten. Aldez aurretik hitzordua hartu behar da, apirilaren 20tik ekainaren 12ra bitarte, 902 100 040 zenbakian edo www.gipuzkoa.net web orrian.
3) Telematikoa (Internet bidez). Zergadunak errenta egiteko programa jaitsi dezake www.gipuzkoa.net-etik, aitorpena egin eta Internet bidez bidali behar du. Programa web gunean bakarrik lortu daiteke, estankoetan ez dute salduko. Pasahitza eskatu behar da Ogasun bulegoren batean.
4) Profesional batengana jo: zerga aholkulariak edo  diru etxe baimenduak -Kutxa, Euskadiko Kutxa, Caja Rural, La Caixa eta Banco Guipuzcoano-.
5) Paperean. Zergadunak aitorpenaren inprimakia bete behar du, kalkulku guztiak eginda. (Gomendatzen dute, kalkulu akatsak sahiesteko, beste edozein eran egitea).
Orain arte erabili den diskete bidez egiteko era, alde batera utzi dute.

____________________________

Aurkeztu beharrekoak

► NANaren fotokopia. 
► Familia liburuaren fotokopia. (aldaketarik badago).    
► Izatezko bikoteen kasuan, EAEko Izatezko Bikoteen Erregistroko onespen agiria.
► Kontu korronte, aurrezki kontu, inbertsio fondo eta abarren interesen ziurtagiria.
► Pentsio Planei eta Borondatezko gizarte aurreikuspenerako entitateei egindako ekarpenen agiriak.
► Ohiko etxebizitzaren errenta  kontratuaren fotokopiak eta ordaindutako kopuruen ziurtagiriak.
► Lan Etekinen Ziurtagiriak (10-T eredua) eta errentan emateagatik sortutako sarreren agiria (10-I eredua).
► Ohiko etxebizitzagatik ordaindutako maileguen interes eta amortizazioen ziurtagiria.
► Etxebizitza Kontuaren agiriak.
► Gaixotasun edo istripuren batengatik Gizarte Segurantzatik jasotako kopuruak.
► Sindikatu kuota.
(Kasuan kasukoak).

__________________

Bonifikazio, murrizketa eta dedukzio nagusiak

► LANAREN BONIFIKAZIO edo HOBARIAK

  • Lanetik sotutako diru sarrerei laneko gastu kengarriak kenduz gero, geratzen den kopuruaren arabera, bonifikazio desberdinak daude.  
  • Ezintasun kasuetan bonifikazioa haunditu egingo da.

► OINARRI EZARGARRI OROKORRAREN MURRIZKETAK

  • Mutualitateei, aurreikuspen plan aseguratuei, pentsio planei, menpekotasun aseguruei eta abarrei egindako ekarpenek murrizketak dagozkie.

► KENKARI edo DEDUKZIOAK

  • -Kenkari orokorra. 
  • -Jarduera ekonomikoa sustatzeko kenkaria.
  • -Kenkari familiar eta pertsonalak:   
                             -Ahaideengatik.
                             -Seme-alaben urteko mantenua ordaintzeagatik.
                             -Aurreko ahaideengatik.
                             -Ezintasuna izateagatik.
                             -Adineko pertsonen ardura izateagatik.
                             -Zergadunaren adinagatik.
                             -Egoera pertsonal eta familiarrarengatik.
                             -Inkapazitatuaren ondare babestuari egindako ekarpenengatik.
  • Ohiko etxebizitza errentan hartzeagatik (normalean %20 eta 35 urtetik beherakoek eta familia ugariek %25).
  • Ohiko etxebizitza erosteagatik (normalean %18; 35 urtetik beherakoek eta familia ugariek %23). 
  • Etxebizitza-kontuan dirua sartzeagatik (%18).
  • Diru laguntzak emateagatik (adib: Gobernuz Kanpoko Erakundeei). 
  • Ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik -hobekuntzak egin- aplikatzen diren kenkariak. 
  • Sindikatuei ordaindutako kuotengatik.

____________________________

Buruntzaldeak Hernanin

Buruntzaldeko herriek, Hernani, Astigarraga, Urnieta, Andoain eta Lasarte-Oriak, Hernanin jarriko duten bulegoan egin behar dute errenta aitorpen mekanizatua (Usurbilek, Donostian: Antso Jakituna, 9). Ordua hartzeko modurik erosoena eta azkarrena Internet bidez da:

www.gipuzkoa.net/
ogasuna/renta
Ordua eta informazioa:
902 100 040 

Latsunbeberri, 8-9      

___________________________

Buruntzaldean euskaraz

► HERNANIN

  • Brintza. Urbieta, 15. Tlf: 943 331 267
  • GSE. Kardaberaz, 40. Tlf: 943 550 254
  • Hator S. Coop. Kardaberaz, 60 Tlf: 943 554 312
  • Zarautz. Elkano, 9. Tlf: 943 556 006
  • Zulaica. Kardaberaz, 68. Tlf: 943 551 494

► USURBILEN

  • Lurdes Etxebeste, 6. Tlf: 943 366 056

►  LASARTE-ORIAN

  • Artea. Uzturre plaza, 8. Tlf: 943 360 148
  • Aski. Kale Nagusia, 1. Tlf: 943 371 512
  • Betelu. Aralar plaza, 6. Tlf: 943 364 886

► ANDOAINEN

  • Aldama Tapia. Txibitar plaza, 3. Tlf: 943 300 167
  • Aranburu. Kaleberria, 6. Tlf: 943 590 814
  • Gabilondo. Kaleberria, 1. Tlf: 943 303 025
  • Zalakain. J. Bautista Erro, 6.Ttlf: 943 590 006 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!