Gaur bazkari-mokadu ezberdina egin nahi izanez gero, aukera izango da, herritik atera gabe, munduko bazter askotako kutuxiak probatzeko. Izan ere, jai gastronomikoa izango da herrian, Amher-ek antolatuta, eta jaian, munduko hainbat lekutatik etorri eta Hernanin bizi den jendeak, bere herriko mokadu goxoak prestatuko ditu.
Kolonbiako arroza eta Moldaviako plantxina
Bazter guztietakoak ez, baina leku askotakoak bai. Ekuadorreko, Boliviako, Chileko, Moldaviako eta makina bat lekutako jendea izango da Plaza Berrin bere herriko produktuak eta errezetak ezagutzera ematen. Honduraseko arroza, oilaskoa txinatar era batera, Nikaraguako Lacatamala, Saharako tea, eta gero eta etxe gehiagotan jaten den kuskusa izango dira, besteak beste.
Ekuador, Maroko eta Rumania
Amher elkarte multikulturalaren martxoko datuen arabera, Hernanin Ekuadorretik etorritako 149 pertsona bizi dira; Marokotik etorritako 129 eta Rumaniatik etorritako 110 lagun. Kolonbiatik etorritakoak ere badira mordoska Hernanin, 58 hain zuzen; eta Kubatik etorriak 49.
Horiez gain, honako lekuetatik ere etorriak badira: Ucrania, Uzbekistan, Dominikar Errepublika, Congo, Bulgaria, Brasil, Algeria eta beste leku asko.
Elkartasun keinuak
Amher Hernaniko elkarte multikulturalak antolatu du jaia, eta bere esanetan, gaurko jai gastronomikoan parte hartzea elkartasun keinua da. Horregatik, dei egin diete nahi duten guztiei festan parte hartu dezaten, mokadu bat eginez, eta besteak zertxoabait gehiago ezagutzeko.
Ohorezko gonbidatua ere izango dute mokaduak probatzen: Fagollaga jatetxeko Ixaak Salaberria sukaldaria.
Jateko kontuez gain, elkarteak mahaia jarriko du elkartearekin zerikusia duten gaiei buruzko informazioa emateko. Horrez gain, Kaixo aldizkaria, elkarteak egiten duena, jasotzeko aukera izango da, eta hala nahi izanez gero, elkartean izena emateko aukera ere bai.
RAHMA MRIDOUCH marokoarrak badaki zer den kuskus ona prestatzea. Gaur Jardunaldi Gastronomikoetan izango da, eta aurrez, Kronikari aitortu dizkio janari hori prestatzeko sekretuak «Kuskusa haragi, arrain, hegazti eta gauza askorekin egin daiteke, baina kuskus ona egiteko, ezinbestekoak barazkiak dira»
Kuskusa egiteko ontzian, jarri haragia, tipula osoa txikituta eta olioa, espezia mordoska botata.
Lehenengo 20 minutuak
Haragia gorritzen hasten denean, litro eta erdi ur bota (zapore gehiago emateko hezurren bat sartu daiteke, edo Knorr etxeak salda egiteko dituen pastilak). Ez ahaztu azenarioa sartzea.
Kuskusa egiteko ontziaren goiko aldean, kuskusa jarri, 2 goilaratxo oliorekin nahastuta (eskuz nahastuz gero, hobeto). Utzi 20 minutu baporetan egosten.
Beste 20 minutu
Saldaren ontzian kalabaza eta kalabazina bota, puska haunditan (bestela desegin egingo da).
Kuskusari basokada bat ur bota, nahastu eta berriz jarri ontziaren goiko aldean. Utzi beste 20 minutu baporetan egosten.
Azkeneko 20 minutuak
Ontziaren beheko aldean dauden haragia eta salda bere horretan utzi.
Kuskusari ur piska bat, olio pittin bat eta gatz piska bat bota. Eta beste 20 minutu utzi egosten.
Mahaira ateratzeko
Kuskusa jarri fuentean. Gainean, erdi-erdian, haragia jarri eta bueltan, txukun-txukun barazkiak. Salda bota gainetik.
Saltsa berezia
Nahi izanez gero, honako saltsa egin daiteke, platerean jartzean gainetik botatzeko: zartaginean jarri olioa, tipula mehe-mehe moztuta, juliana erara, eta mahaspaxak (mahaspaxak beratzen jarri behar dira aurretik) eta 15/20 minutu eduki egiten. Nahi izanez gero, kanela adarra eta azukrea bota (kolesterola dutenentzat ez da komeni).