EZKER Abertzaleko zenbait Udal karguk prentsaurrekoa eskaini zuten asteartean Hernaniko udaletxean. Honako Udaletako ordezkariak bildu ziren bertan: Hernanikoa, Usurbilgoa, Irungoa, Donostiakoa eta Batzar Nagusietakoa. Testuaren bidez bost puntu aurkeztu zituzten, «erraustegia ez den beste alternatiba bat bilatu behar dena arrazoitzen dutenak».
«Erraustegirik ez!
Alternatiba orain!»
Testuak Erraustegirik ez! Alternatiba orain! du izenburua, eta bost puntuz osatua dago. Aurreneko puntuan dio Gipuzkoako Foru Aldundia erabat itxututa dagoela errauste inposaketarekin: «Markel Olano ahaldu nagusiari bost axola zaio gipuzkoarrek emandako erantzuna errauste plana egiteko asmoa azaldu zutenetik; errauste planta egitearekin tematuta jarraitzen du».
Bigarren puntuan azaltzen dute Donostiako Udala tematuta dagoela errauste planta Zubietan egitearekin: «Odon Elorza tematuta dago, eta harekin batera EB zein Aralar, laguntza emanez edo isilik egonez».
Hirugarren puntuan argi utzi nahi izan dute erraustegia ez dela hondakinen arazoari aurre egiteko irtenbidea: «aurka gaude besteak beste osasunarentzat kaltegarria delako, berziklapena zailtzen duelako eta kontsumoa bilatzen duelako».
Alternatibak egon badaudela adierazten dute laugarren puntuaren bidez: «mundu mailan alternatibak aplikatzen dira eta baliagarriak dira. Usurbilgoa bera adibide garbia da».
Baita ere diote, bosgarren puntuaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundia «apartheid politikaz ari dela baliatzen hau guztia aurrera eramateko».
Orain arte azaldutakoagatik, testuaren amaieran herritarrei deia luzatzen diete hilaren 25eko mobilizazioara azaltzeko, Erraustegiaren Kontrako Plataformak deitutakora.