EZ ohizko plenoa izan zen asteartean udaletxean, eta bertan honako hitzarmenak onartu ziren: Etxeberri eta La Cumbre auzoak lotuko dituen bidea egitea; Sagastiyako etxeetara sartzeko eta ateratzeko bide berria egitea; Galarretako pabiloiak berrantolatzeko plana; remolkeak Ibarluze eta Zubiondo poligonoetan aparkatzea utziko duen trafiko ordenantza; eta kiroldegia eguzki panel termikoz hornitzeko plana. Bestalde, martxoaren 31ko atxiloketen inguruko bi testu ere onartu ziren, aurretik Giza Eskubideen Batzordean onartutakoak.
Etxeberri-La Cumbre
errepide berria
Joan den astean, La Cumbretik Etxeberri auzora bide berri bat egiteko hitzarmena onartu zuten Hirigintza Batzordean. Bidea egiteko Vista al Sol finka inguruko lurrak okupatuko dira. Bide berria norabide bakarrekoa izango da, eta erabiliko da frontoi ondoan egin dituzten hiru etxebizitza blokeei irteera emateko. Botazioan baiezko botoa eman zuten guztiek PNVk izan ezik, abstenitu egin baitzen. Orain, hitzarmena erakusketa publikoan jarriko dute, alegazioak aurkeztu ahal izateko.
Sagastiyako etxeetarako sarrera berria
Bestalde, onartu zen Etxeberri auzoko sarreran dagoen Nisuma etxeko lurrak Udalaren eskuetan uzteko akordioa. Eusko Jaurlaritzak Sagastiyan egingo dituen etxebizitzen obrak maiatzean dira hastekoak, eta hasterakoan, Sagastiyako hainbat etxek ezingo dute erabili orain erabiltzen duten sartu irteneko bidea; alegia, Nisuma inguruko lurrak sartu irteneko bide berri hori egiteko erabiliko dira. Akordio hau ere erakusketa publikoan jarriko da, alegazioak aurkeztu ahal izateko.
Galarretako pabiloiak eta remolkeentzako aparkalekua
Honetaz gain, Volvo ondoan, Chillida Leku aldera dauden pabiloiak berrantolatzeko plana ere onartu zen plenoan.
Remolkeak Ibarluze eta Zubiondo poligonoetan aparkatzen utziko duen trafiko ordenantza ere onartu zen astarteko plenoan .
Kiroldegia energia termikoz hornitzeko plana
Kiroldegia energia termikoz hornitzeko plana ere onartu zen plenoan. Plan honen bidez, kiroldegia eguzki panel termikoen bidez hornituko da. Plana egin dute Hernaniko Udal Kirol Patronatuak eta Energiaren Euskal Erakundeak. Hernaniko Udalak 2007an lortu zuen akordioa Energia Euskal Erakundearekin, eguzki panelak udal instalazioetan jartzea baliabidetzen zuena.
Martxoaren 31ko
atxiloketen bi testuak
Azkenik, martxoaren 31an atxilotutako gazteen inguruko bi testu ere onartu ziren. Aldez aurretik, Giza Eskubide batzordean onartuak izan ziren bi testu hauek (apirilaren 2ko Kronikan argitaratuak).