Arozenatarren kontzertuarekin hasiko da bihar aurtengo V. Txistulari Jaialdia

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 23a, 02:00

TXISTULARI Jaialdia izango da asteburu honetan zehar Hernanin, ostiralean hasi eta igandera arte. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da, eta antolatzaileek adierazi dutenez, ekitaldiak joan den urteetakoen oso antzekoak izango dira.

Bihar hasiera Arozenatarrekin
Aurtengo edizioa Arozenatarren kontzertuarekin hasiko da. Kontzertua izango da txistu, gitarra eta perkusio emanaldi berezi bat, Urko, Aitor eta Xanet Arozenatarrek eskainia. Emanaldia bihar izango da, arratsaldeko 19:30etan, Biteri kultur etxean.

Larunbatean egun haundia
Jaialdiko egun haundia larunbatean izango da, eta hortaz ekitaldi nagusia ere bai: Hernaniko Vgarren Txistulari Gazteen Txapelketa. Txapelketak martxan bost urte bakarrik daramazkin arren, urte gutxi hauetan Euskal Herriko txistulari gazteentzat erreferente bihurtu da. Txapelketa Milagrosa kaperan jokatuko da, goiz eta arratsaldez. Goizean A kategoriakoak izango dira aurrenak, 11:30etan hasita. Bertan 14 bakarlari izango dira, 12 urte bitartekoak. Ondoren B kategoriako txapelketa izango da, 13-16 urte bitartekoa, eta 12 txistularik hartuko dute parte. Arratsaldean berriz, taldeen txanda izango da. 17:00etan hasita 7 taldek hartuko dute parte: Arrasate, Gasteiz, Irun, Azpeitia, Donostia, Tolosa, Bilbo, Mendarozketa eta Hernani. Azken saioa amaitutakoan sari banaketa izango da, 18:15ak aldera.

Igandean topaketa
Igandean, azken egunean, txistularien topaketa izango da. Goizean dianarekin hasiko dira, eta ondoren dantzaldia izango da Plaza Berrin. Elkarrekin bazkaldu ostean, berriz kalejira eta dantza soinuak zabalduko dituzte herriko kaleetan barrena.

Teodoro Erauskini omenaldia
Teodoro Erauskin Etxeberria, herrian txistulari oso ezaguna izan zena, hil zela 100 urte betetzen dira aurten. Horregatik, ekitaldi berezia egingo dute, haren lana eta soinuekin, igandeko txistulari topaketan. Teodoro Erauskin Hernanin jaio zen 1850 urtean. Hernaniko Ttun-ttuna taldea zuzendu zuen XIXgarren mendetik XXgarren mendera. Hamalau urte zituela hasi zen Andrekaleko txistularia zena, Hernaniko udal txistulari lanetan. 1985 eta 1908 urte artean idatzi errepertorio luzeak utzi zituen idatzita Udalean. Urte askotan zehar Tilosetako bailea ere antolatu zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!