Festa gastronomikoa izango da igandean, elkartasunezkoa

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 23a, 02:00

NAZIONALITATE ezberdinei elkartasuna adierazteko, festa gastronomikoa izango da igandean Plaza Berrin, eguerdiko 12:00etan hasita (euria egingo balu, Atsegindegin). Festa AMHER Hernaniko elkarte multikulturalak antolatu du. Ekintzaren helburu nagusia da aurrerapausu bat ematea euskal gizartearen eta gainontzeko nazionalitateen arteko kohesioan. AMHERetik adierazi dutenez, «modu honetara pluralitatea eta dibertsitatearen alde egiten dugu lana, izan ere, arrazismoak ez gaitu bide onera eramango».

Herrialde ezberdinetako jakiak
Festan herrialde ezberdin askotako jakiak dastatzeko aukera izango da, nola ez, bertako musikaz lagunduta: Ekuador, Bolibia, Txile, Mendebaldeko Sahara, Kolonbia, Honduras, Argentina, Txina, Marruekos, Moldabia, Nikaragua, Peru, Kuba eta abar. Aurten gainera gonbidatu berezi bat ere izango da bertan, Isaac Salaberria Fagollaga jatetxeko sukaldari ospetsua. Honez gain, AMHER taldearen laguntzaile-bazkide izan nahi duenak, aukera izango du horretarako bereziki jarrita egongo den mahai batean. Kaixo aldizkaria eskuratzeko aukera ere izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!