MIKEL Peruarena Ereñotzuko idazleak Ez obeditu inori nobela aurkeztu zuen atzo eguerdian Donostian, bere lehenengo nobela. Prentsaurrean lagun izan zituen Susa argitaletxeko editorea den Gorka Arrese, eta baita ere idazlea den Arkaitz Zubiri. Ez obeditu inori kutsu historikoa duen nobela da. XIXgarren mendean dago kokatua, 1897 eta 1900 urte bitartean. Nobela honen bitartez, Mikel Peruarena idazleak garaiko Donostiara eramaten gaitu. Horretarako hiru pertsonaia xume erabiltzen ditu, Sotero Mujika bertsolaria eta protagonista, Frantsesa bezela ezaguna egingo den tipografoa eta burges baten semea den estudiantea.
Sotero, ia ezezaguna
izan den pertsonaia
Peruarenak liburuaren aurreneko hamar orrietan kontatzen du istorioaren amaiera. Nobelan zehar berriz, pertsonaiak amaiera horretara zergatik iritsi diren arrazoitzen du.
Peruarenaren esanetan, hiru petsonaien izakerak ia ezezagunak izan dira orain arteko Euskal Literaturan: «ez dira tesi pertsonaiak, ez dira zerbait sinbolizatzeko edo defendatzeko eraikiak. Barne arazoak dituzten pertsonaiak dira, eta horri esker garatzen da istorioa eta historia».
Donostian XIXgarren mende amaieran nola bizi ziren erakusten duen nobela da, askorentzat mende ezezaguna. Baina era berean gaurkotasuna erakusten du, pertsonaiek bizi duten gertaeren bidez: «pertsonaia hauetan gaurkotasuna aurkituko dugu, eta momentu askotan irakurlea identifikatuta sentituko da gertaerekin».
Irakurterraza
Peruarenak adierazi zuen nobela laburra dela, edonork irakurtzeko modukoa: «ahozko hizkera erabiltzeko ahalegina egin dut. Askotan galdetu diot neure buruari nire amonak hau nola esango luke? eta modu horretara idazten saiatu naiz, korapilorik gabe.
Sinopsia
Sotero Mujika bertsolaria Konstituzio plazako Baroja dendara joaten da bertsoak inprimatzera. Bertan tipografo berri bat aurkezten diote, Frantsesa deitzen diotena. Azken honek burges baten semea aurkezten dio Soterori, estudiantea dena. Modu honetara, azteazkenero taberna batean biltzen hasiko dira politikaz, ekonomiaz eta abarrez hitz egiteko; horrela, egiteko garrantsitsu bat dutela pentsatzen hasiko dira.