HERNANIKO xake elkarteak mende laurden bat baino gehiago darama txapelketak jokatzen. Amaitu berri den denboraldi honetan, Hernanik bi talde izan ditu lehian. Nagusiak Hernani Ak, Gipuzkoako Lehen Mailan jokatu du; eta bigarrenak, Hernani Bk Gipuzkoako Bigarren Mailan. Talde bakoitzean 8 jokalari inguru aritzen dira, astebururo partiden arabera launaka, txandaka.
Hernani A laugarren
Hernani A taldeak Lehen Mailan jokatu du, xakean erdi mailako kategoria izango litzatekeenean. Laugarren amaitu dute denboraldia, eta aurretik geratu zaizkie denboraldi osoan zehar maila ona erakutsi duten Baiona A, Zarautz B eta Andoain.
Lehen mailatik igotzea normalean talde bakarrak lortzen du, eta aurten Baiona igo da. Hala ere, Jesus Navascues taldeko presidenteak adierazi duenez «Hernani A taldeak badu preferenten jokatzeko gaitasuna. Baina preferenten jokatzeak konpromezua dakar, astebururo jokatu behar da eta ondo entrenatu. Maila honetan jokatzen duten jokalariek aldiz ez dute konpromezu hori hartu nahi izaten; denboraldi osoan zehar partida batzuk jokatzea gustatzen zaie, baina astebururo jokatzeko obligaziorik gabe».
Denboraldia amaituta, datorren urtean helburu Lehenengo Mailan mantentzea izango dela adierazi du Navascuesek: «modu honetara jokalari guztiek jokatzeko aukera izango baitute. Preferenten bi urtetan aritu ginenean, jokalariek ez zuten aukera hori izaten».
Bigarren taldea zazpigarren
Hernani B taldeak zazpigarren postuan amaitu du denboraldia, Bigarren Mailan. Ezin hobeto hasi ziren arren (aurreneko postuan), denboraldiak aurrera egin ahala atzera egin zuten sailkapenean. Bigarren mailan bi talde izaten dira, Donostia ingurukoak eta Goierri ingurukoak, eta hain zuzen goierritarrak izan dira nagusi denboraldi honetan. Jesus Navascues presindeteak adierazitakoaren arabera «denboraldi hasieran igotzeko ilusioa genuen, baina goierritarrak nagusi izan dira. Denboraldia aurrera joan ahala, eta egiteko gutxi genuela ikusita onena jokalari guztiek jokatzea zela pentsatu genuen». Beharbada horregatik amaitu dugu zazpigarren. Datorren urtera begira Hernani Bk Lehen Mailara igotzea izango du helburu, horrela, bi taldeek elkarren aurka jokatzeko aukera izango dute.
Harrobia lantzen
Etorkizunari begira, Xake elkartea ari da dagoeneko herriko harrobia lantzen. Aurten lehenengo aldiz eskoletan erakusten hasi dira, 10 eta 14 urte bitarteko neska mutilei. Navascuesen esanetan, erantzuna ezin hobea izan da «Gaztetxoak animatu dira, Elizatxo, Inmaculada eta Langile elkartuta 75 gazte inguru dabiltza, eta datorren urtean Urumean ere hastekoak gara. Gure helburua da gaztetxoek xakean ikastea, eta Hernaniko taldeak etorkizuna izatea».