Udal Berdintasun sailak ekimen berri bat jarriko du martxan aste honetan, gazteen arteko portaera sexisten inguruko hausnarketa egiteko eta portaera hauek sahiesteko. Ekimen honek bi zati izango ditu: aurrenekoa bihar izango den solasaldia da, bereziki gurasoei zuzendua, Porteara sexistak gazteen artean izenburua duena. Bigarrena larunbatean izango da, autodefentsa ikastaroa da, eta emakumeei dago zuzendua. Ekimen hauen bidez bultzatu nahi da gaztetatik indarkeria prebenitzea, eta gizarte sareak indartzea. Berdintasun sailak adierazi duenez «beharrezkoa da neskak biktima eta mutilak erasotzaile egiten dituen ikuspegia gainditzea».
Gurasoekin solasaldia
Biharko solasaldia bereziki gurasoentzako izango da. Bertan seme alaben heziketan garrantzitsuak izan daitezkeen pausuak eskainiko zaizkie, Udal Berdintasun sailetik adierazi duten moduan «Gurasoek gazteentzat onena nahi dugun arren, gure kezka eta beldurrek haien askatasuna mugatu dezakete». Solasaldian hizlari arituko dira Edurne Mendizabal eta Ibon Agirrezalaga, egun Hernaniko ikastetxeetan Tratu onak sustatuz programaren bideratzaileak direnak. Solasaldia 19:30etan izango da, Biterin.
Autodefentsarako ikastaroa
Ekimena larunbateko autodefentsarako ikastaroarekin bukatuko da. Emakumeei zuzendua dago eta Maitena Monroyek emango du. Maitenak 20 urtetik gora daramazki ikastaro hauek ematen, bai Euskadin eta baita Estatu mailan ere. Ikastaroan defentsa pertsonalaren arlo ezberdinak landuko dituzte; goiz eta arratsaldez. Maitenaren esanetan autodefentsa ez da bakarrik eraso baten aurrean zein jarrera izan behar den ikastea, baizik eta erasoa bera nondik datorren identifikatzen jakitea: «erasoak mota askotakoak izan daitezke, fisikoak, hitzezkoak, psikologikoak eta abar. Garrantzitsuena da erasoak nondik eta noiztik datozen jakitea, eta hori landuko dugu».
Maitena Monroy-ren esanetan eraso sexistek ez dute eragina soilik zuzenean jasaten duten pertsonengan, gizartearengan ere bai: «eraso sexistek besteak beste norbait menpean hartzeko balio izaten dute, eta horrek estereotipo asko sortzen ditu. Gainera, estereotipo askoren erruz, erasoak erlazionatzen ditugu gauarekin, jendea ez dabilen lekuekin eta abar. Horrek beldurra sortzen du, eta gizarteari eragiten dio. Baina kasu gehienetan normalean guretzat ezagunak diren pertsonak dira erasotzaileak, eta ezinbestekoa da hori identifikatzen jakitea». Beraz, ikastaroan autodefentsako ikuspuntu asko landuko dira.
Ikastaroa larunbatean izango da, 10:00-14:00etara eta 15:30-19:30etara. Izena emateko 943 33 68 02 telefonora deitu edo marijo-m@hernani.netera idatzi.