ENEKO ABREGO: «Mikel Laboa musikari aparta zen, oso gauza gutxirekin asko transmititzen zuelako. Gitarra eta ahotsarekin asko ematen zuen eta zaila da horrekin bakarrik jendearengana iristea»

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 19a, 02:00

Zein abesti joko dituzue larunbatean?
Pare bat abesti joko ditugu: Gure oritzapenak eta Mugak.

Zergatik bi horiek?
Betiko Mikel gogoratuko zituzten abestiak nahi genituen, bere betiko ildoa erakusten zutenak. Gure oroitzapenak abestiak, ahots eta gitarra hutsarekin, ondo definitzen du bere estiloa. Mugak abestia berriz, Lekeitioak sortakoa, experimentalagoa da; berak Camaron eta Jonh Cage omentzeko egin zuen; luzea da, zaila, eta guri ere bidea ematen digu esperimentatzeko.

Nortzuk izango zarete?
Lau lagun izango gara. Bat, Mariano Hurtado, gitarra espainola jotzen, Cadizekoa bera. Bestea, Hedoi Etxarte bibolina jotzen; Peru Basanabasa ordenagailuarekin erritmoa eta sanpler-ak egiten, eta ni neroni abesten.

Zer iruditu zaizu omenaldia?
Ona. Ekitaldi lokala da, xumea. Hori baino askoz gehiago merezi du Laboak eta gustora animatu ginen. Gainera musikarioi ere aukera ematen digu gure lana bere lanaren zatitxo txiki batekin uztartzeko. Laboa zer izan da zuretzat? Musikari aparta; oso gauza gutxirekin asko transmititzen zuena. Euskal musikan pertsona garrantzitsua, edo garrantzitsuena niretzat, bere ildo horretan.

Zergatik hain ona?
Gitarra eta ahotsarekin asko transmititzen zuelako eta zaila da horrekin bakarrik jendearengana iristea. Nortasuna zuen eta kristoren meritoa zuen. Gainera, Laboa sektore guztietara iritsi da: punky-ei, heavy-ei, euskalzaleei, zahar eta gazteei... denei gustatzen zaie, denengana iritsi da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!