Zein abesti abestuko duzu?
Nik bakarka Lizardi abestia abestuko dut. Eta Garbiñe Insaustirekin pare bat egingo ditut: Haurtxo txikia sehaska kanta eta Haize hegoa. Haize hegoa egiteko nire ahizpa Joanak ere lagunduko digu, bera pianoan ariko da.
Zergatik aukeratu duzu abesti hori?
Letra izugarri gustatzen zait, eta konposizio oso orijinala iruditzen zait; berak normalean ildo bat jarraitzen zuen bere abestietan eta hau ezberdina da, tango bat da. Gainera Mikelek berak nahiko apuru pasatzen zituen abesti horrekin, letra luzea baitu, eta horrekin saiatuko naiz hain zuzen.
Nor izan zen zuretzat Laboa? Mikel Laboa nor izan zen niretzat?
Batetik laguna nuen, eta bestetik, euskal kantugintzan iraultzailea izan zen. Nik ez dakit gehiegi arteaz, baina esango nuke eskulturan eta artean Chillida izan zena, izan zela Mikel Laboa kantugintzan.
Zertan izan zen iraultzaile?
Euskal kantuak era oso pertsonalean abesten zituen, ukitu pertsonal ikaragarria ematen zien, abstrakzio puntura eraman zituen.
Zer iruditu zaizu omenaldia?
Beste omenaldi batzuk egingo dizkiote, haundiagoak, baina Hernanin egiteko aukera izatea eta abeslariei aukera ematea ideia oso ona iruditu zait.