«Harrituta eta oso pozik gaude jendearen erantzunarekin»

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 19a, 02:00

Ane Lujanbio

Elkarrizketatutak ezagutuz...

Marisol Yaben
Ni azken 30 urte hauetan nabil argazkilaritzaren munduan, eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko kidea naiz. Bertan ikasi nuen, ikaragarrizko maisuekin. Bestalde, sari asko irabazi ditut, eta erakusketak egin ditut gehien bat. Oraintxe bertan, Euskal Herrian desagertzear dauden animaliei buruzko erakusketa batekin nabil, eta ez nuen espero izaten ari den harrera. Datorren urtean, Boulebard-eko Kutxan beste erakusketa bat jarriko dut,  orokorrean Euskal Herriari buruzkoa.

Javier Vázquez
Ni ordenagailuen mundu digitaletik iritsi naiz hona. Beti beste pertsonen argazkiekin lan egin izan dut. Hala ere, betidanik gustatu izan zait argazkilaritza eta orain dela bi urte Biterin ikastaro bat egin nuen. Eta gaur egun, argazkilaritza munduan nire tokia bilatzen ari naiz. Niri edizioaren partea gustatzen zait gehien, sortzea. Nahiz eta natura ere izugarri gustatu, argazkia ateratzerako orduan, bukaeran nola geratuko zaidan pentsatzen egoten naiz. Argazkia ikusten duen pertsonaren sentimenduak piztu nahi izaten ditut.

Nola sortu zen Argazkilari Elkartea osatzeko ideia?
Marisol: Nik, urte askotan zehar argazkilaritzako ikastaroak eman ditut Kultur Etxean. Eta ikastaro horiek bukatzen direnean, ez da ezer gehiago egoten.
Javier: Arrazoi horregatik, aurtengo ikastaroa bukatu, eta gehiagotan elkartzeko proposamena egin zen, eta asteartetan biltzen hasi ginen.
Marisol: Aspalditik nuen Argazkilari Elkarte bat sortzeko ideia. Urtero jende kopuru haundia garatzen zen ikastaroa bukatu eta jarraitzeko gogoarekin, eta beren burua superatu nahian. 30 urte daramazkit Donostiako Argazkilari Elkartean eta kontaktuak lortzeko erraztasuna badaukat. Eta urtero jendea jarraitzeko gogoarekin geratzen zen. Azkenean, aurten ikastaroa bukatzean, jendeak zuen lan egiteko gogoa eta abilezia ikusita, behingoz zerbait antolatu behar zela pentsatu nuen. Gainera, nire lagun bat ikustera eraman nituen. Lagun honek lehiaketa internazionalak antolatzen ditu eta ikasleak lehiaketa batean parte hartzera animatu nituen. Orduan, argazkilari bikaina den nire lagunak zera esan zidan, ezin nuela ezer egin gabe geratu horrelako argazkilari onak edukita. Beraz, nik ideia nuen, ikasleei ondo iruditu zitzaien, eta nire lagun horrek aurrera egiteko bultzada eman zigun.

Eta nolako martxa darama Elkarteak?
Marisol: Orain dela lau hilabete hasi ginen Elkartearekin, eta harrituta gaude dena zein ondo dijoan ikusita. Gure web gunean adibidez, 1.097 argazki ditugu dagoeneko, 53 kide, eta orrialde honetan mundu guztiko izugarrizko argazkilarien bisitak izaten ditugu. Elkartean daudenen eta bisitatzera etortzen diren pertsonen maila ez da altua, oso oso altua baizik. Honez gain, ez da arazorik izaten norberak gehiago dominatzen duen horri buruz hitzaldiak emateko, elkar laguntzeko… Etengabe, ikastarotxoak ematen dizkiguten pertsonen bisitak ari gara jasotzen.
Javier: Behin Elkartea sortzeko lehenengo pausuak emanda, orain elkartea izateko beharrezkoak diren paperak martxan daude eta erregistroko zenbakiaren zain gaude.

Web gune bat ere baduzuela aipatu duzue.
Javier: Bai, eta beti gogoratzen dudan gauza bat da hasieran, web gunean jarri nuen mezua: non zaudete? animatu argazkiak igotzera!. Eta mezu hau idatzi eta lau hilabetetara, 1.000 argazkitik gora ditugu eta herriko eta inguruetako jendeak parte hartzen du. Izugarrizko nibela duten pertsonek. Jende guzti hori orain arte anonimatuan egon da, eta orain elkar biltzeko puntu bat aurkitu dute. Baina benetan, jendeak duen nibela ikusteko modukoa da.

Zein izan dira orain arteko ekintzak? Eta gerorako antolatuta dituzuenak?
Marisol: Ekintza guztien egutegi bat egin dugu eta hor azaltzen dira ondo antolatuta.
Javier: Alde batetik, irteerak antolatu ditugu. Asteburuetan goiz-pasak egin ditugu; Urbasan egon ginen praktikak egiten adibidez. Photoshop programari buruzko ikastaroak emateko asmoa ere badaukagu. Bestalde, flickr-eko gure web gunera argazkiak igo dituzten guztien proiekzio bat egitea gustatuko litzaiguke. Orain bertan, Elkarteko kide bat argazkilaritza eszenopeikoari buruzko ikastaro bat ematen ari zaigu. Oso interesgarria da eta hemendik gutxira egitea pentsatu dugun proiektu bat zera da, herriko txokoei teknika honen bidez argazkiak egitea.
Marisol: Lehiaketetan ere parte hartzen dugu, eta erakusketak ere baditugu.
Javier: Elkarteko kideak animatzen ari gara, beren lanak erakusketetan atera ditzaten. Hasieran ez dute nahi izaten, ez dutelako beren lanak duten nibelean sinisten. Baina oso maila altukoak dira.
Marisol: Orain Bergara eta Legazpiko lehiaketa internazionaletan parte hartuko dugu. Eta maiatzaren 5erako tailer bat antolatu dugu.

Elkartea osatzen duzuen taldetik zer azpimarratuko zenukete?
Marisol: Niri gehien gustatzen zaidana zera da, biltzen garen talde haundi horretan, 11 urteko neskato bat egoten dela, eta bestalde, 80 urteko gizon bat. Hori aberasgarria iruditzen zait. Hemen ez dago adinik, sinismenik… denak berdinak gara, eta bakoitzak ahal duena aportatzen du. Honetaz aparte, denbora laburrean ezagutza asko jasotzen ari garela konturatzen gara. Orain arte gutxi kontrolatzen genituen gaiei buruz asko ari gara ikasten. Bestalde, pozgarria da gure web orrialdean dagoen dinamika. Azkenaldian elkarteen izpiritua hiltzen ari zela esan izan da, baina hori horrela ez dela, gurea bezelako elkarteek erakusten dute. Gogoz eta ilusioz betetako talde bat egonez gero, lan asko egin daiteke.

Zein da zuen helburu nagusia?
Marisol: Orain arte ezkutuan egon diren argazkilari guzti horientzat elkartzeko puntu bat izatea, eta batez ere, garatzea. Ikastaroetan ikasitako hori, ondoren garatu egin behar delako.
Javier: Eta ikasteaz gain, argazkilaritza bizitzea ere helburu bat da, modu askotara bizi daitekeelako. Honetaz aparte, herrian antolatzen diren ekintzekin lotura edukitzea gustatuko litzaiguke. Alegia, maratoiak, San Joanak,… ospatzen direnean, hauen inguruko lanak egitea. Adibidez, San Joanetan argazki rally bat egitea. Argazkilaritzarekin zerikusia duten ekintzak herriari lotu nahi genizkioke.
Marisol: Orain arte argazki rally bat eduki dugu. Aurtengoa zortzigarrena da eta apirilaren 26an ospatuko da. Baina orain elkartu garen guztion ideiekin, hainbat eta hainbat ekintza antolatu daitezke. Eta gainera, gu gai guztiekin animatzen gara eta metodoak ere denak probatzen ditugu.

Jendea eta gogoa badaukazue, beraz.
Javier: Bai, orain falta zaiguna biltzeko toki bat da. Lokal bat edukitzea beharrezko bihurtu da dagoeneko, jende asko garelako eta Biterin, batzuetan lurrean eserita egon behar izan dugu. Gehiago ikasi nahi duen edozeinentzat, bertan lan egiteko estudio bat behar genuke. Eta batez ere liburutegi bat, beharrezkoa dena. Liburu pila bat ditugu, kontsultak egin ahal izateko, baina horiek gordetzeko toki bat behar dugu. CDak ere asko dauzkagu, baina tokirik ez.

Zenbatero biltzen zarete?
Marisol: Asteartero Biterin elkartzen gara, 20:00etatik, 21:30etara. Baina beti luzatu egiten zaigu, gustura egoten garelako. Orduan, kultur etxetik ateratzean, taberna batean jarraitzen dugu, eta askotan tabernan bertan gelan baino gai gehiago sortzen dira.
Javier: Hasiera batean, lehengo argazkilaritza ikastaroko jendea biltzen ginen argazkiak komentatzeko. Baina pixkanaka ideiak sortu dira, jende berria etorri da ideia eta ezagutza gehiagorekin, eta ondorioz elkartea asko zabaldu da. Ez genuen jendearen erantzun hau espero eta ez dakigu noraino iritsiko garen.
Marisol: Bai, egia esan gerturatu diren pertsonek izugarrizko lanak egiten dituzte eta argazkilaritza bizi egiten dute.

Zer esango zeniekete oraindik ezkutuan jarraitzen duten argazkilari horiei?
Marisol: Animatzeko eta etortzeko asteartetan Biterira eta bisitatzeko gure web gunea. Elkartea edozeini dago irekita. Bazkidea izan zaitezke, baina bazkide ez direnak ere azaldu daitezke. Orain arte behintzat, elkartetik pasa diren guztiek bukatu dute bazkide izaten.
Javier: Gure asmoa, behin erregistro zenbakia edukitzean, bazkide txartelak egitea da, eta bazkideek abantaila gehiago izango lituzkete, materiala erabiltzean adibidez.

Herriko jendeak bakarrik osatzen du Elkartea?
Marisol: Herriko jendeaz gain, Lasarte, Andoain, Astigarraga edo Donostiako jendea daukagu. Donostian Elkarte bat egonda, jendea hona etortzea oso arraroa da. Nik uste dut, hemen sortu den dinamikagatik dela. Batzuk profesionalak dira, besteak afizionatuak, baina denak argazkilaritza modu berezian bizi duten pertsonak dira.

Orduan, giro polita duzue taldean.
Javier: Bai, hala da. Marisol: Behin sagardotegian afari bat egin genuen, behin bakarrik erabili daitezkeen kamera horiekin. Hortik ez zen lan onik atera, baina ederki pasa genuen eta gure arteko harremana sendotzeko balio izaten dute horrelako ekintzek.

www.flickr.com/groups/hernanifotos/ WEG GUNEA

Marisol: Denon artean sortu dugun orrialdea hau da: www.flickr.com/groups/hernanifotos/. Bertan 1.097 argazki ditugu eta 53 partaide gara guztira. Guk ia argazki guztiak komentatzen ditugu, eta debate bat ere badaukagu, sortzen diren ideia guztiei buruz hitz egin ahal izateko. Flickr, tresna ona da igotzen ditugun argazkiei buruzko iritziak jaso eta elkar laguntzeko. Bakoitzak argazkiei buruzko bere iritzia emanez asko ikasi dugu, orain arte dakiguna hobetzen ari baikara etengabe.
Javier: Argazkilaritzako maila teknikoaz gain, bestela ere elkarri laguntzen diogu, adibidez, kamera berri bat erosi nahi duenari lagunduz, materiala non aurkitu dezakegun elkarri esanez eta abar.
Marisol: Antolatu ditugun ekintzen egutegi bat ere badugu orrialde honetan.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!