Amurrain arrantza txapelketa bihar

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 18a, 02:00

AMURRAIN arrantza txapelketa izango da bihar Urumea ibaian, Txantxangorri elkarteak antolatuta.

Gazte eta helduentzat
Txapelketa ibaiko bi gunetan izango da: 14 urte baino gutxiago dituzten gaztetxoek Landare inguruan egingo dute arrantza. Helduek, ordea, Urumea ibaian zehar, Lastaolatik hasi eta Tximistanea baserri ingurura arte; Landare azpiko uretan ere egin ahal izango dute. Txapelketan Hernaniko arrantzale guztiek hartu ahal izango dute parte, baina aldez aurretik izena eman beharra dago. Horretarako, Txantxangorri elkartitik pasa behar da, igande goizeko 08:30ak baino lehen. Bertan, tabloian dagoen zerrendan jarri behar da izena.

Irteera Txantxangorritik
Irteera Txantxangorri elkartetik egingo dute, goizeko 08:30etan. Bertatik abiatuko dira partehartzaile guztiak. Arrantza eguerdiko 13:00ak arte egin ahal izango da. Ondoren, 13:30etan, amurrainak pisatuko dituzte elkarteko jardinetan, eta sari banaketa egingo dute. Elkarteko bazkideen artean aurrena geratzen denak urdaiazpiko bat irabaziko du. Bestalde, jakin arazi dute gaur eta bihar ezingo dela Urumea ibaira gerturatu, txapelketa amaitu arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!