Ametsa gauzatzeko, garaipenaren bila bihar Cadizen

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 18a, 02:00

Hernaniko errugbilari eta zaletuek azken urteetan amestutako igoera gauzatzeko bidea geroz eta gertuago dute. Ohorezko B mailan ari den Hernani taldeak igoera promozioko bueltako partidua jokatuko du bihar, Cadizeko Puerto de Santa Maria herrian, Atletico Portuenseren kontra, eguerdiko 12:30etan. Oherezko B mailan bigarren postua lortu ondoren, hilaren 5ean igoera promozioko lehen partidua izan zuen etxeko taldeak, Landaren. Igoerako lehen fase hau bi partidutara jokatzen ari dira, eta Hernanik bide erdia egina du. Landareko partiduan 17-14 irabazi zion Cadizeko taldeari. Bi taldeek ez zuten duten mailarik onena eman, baina hernaniarrek lortutako 3 puntuko aldea erabakiorra izan daiteke biharko partiduan.

Irabaziz gero, bigarren fasea
Hernanira garaipenarekin itzuliz gero, hernaniarrak igoera promozioko bigarren fasea jokatu beharko dute. Partidu hau igoera jokatzen ari diren beste bi taldeen arteko irabazlearen kontra jokatuko lukete; hau da Gernika edo Madrilgo Alcobendas taldearen kontra. Bigarren fase hau partidu bakarrera jokatuko litzateke, eta irabaziz gero, Hernanik Ohorezko A Mailarako pasea lortuko luke zuzenean. Galduz gero berriz, A mailan azken aurreneko geratu den taldearen kontra jokatuko luke, eta honi irabazita igoko lirateke.

Jubenilak Estatuko txapelketan
Hernaniko rugby taldeek duten maila ona agerian geratu da denboraldi honetan, eta horren seinale dira jubenilek asteburu honetan jokatuko dituzten Estatuko Txapelketako partiduak. Valentzian jokatuko dira eta lehenengoa gaur izango da, Kataluniako txapeldunak izan diren RC Sitgesen kontra, 12:00etan. Bigarrena berriz bihar jokatuko dute, Valentziako Txapeldun izan diren CAU Valenciaren kontra; 09:45etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!