Masterraren barruan, Galarretako lehenengo partiduak gaur

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 18a, 02:00

pacharan Baines masterreko bi partidu jokatuko dira gaur Galarretan. Masterra joan den apirilaren 11an hasi zen, Isabako frontoian. Hiru fasetako txapelketa da, eta final laurdenetako partiduekin hasia da. Fase bakoitza joan etorriko partiduetara jokatzen da: partidu bat frontoi motzean jokatuko da eta beste bat frontoi luzean. Hain zuzen ere, gaur Galarretan jokatuko diren bi partiduak final laurdenetako bueltako partiduak izango dira. Aurrez aurre izango dira Ezkurra eta Olazar, Zeberio IIa eta Ionen kontra; eta Juaristi eta Iriarte, Urriza eta Badiolaren kontra. Jaialdia arratsaldeko 16:00etan hasiko da. Joaneko partiduan Ezkurra eta Olazarrek 40- 33 irabazi zuten Zeberio IIa eta Ionen kontra; eta Juaristi eta Iriartek 32-40 galdu zuten Urriza eta Badiolaren kontra.

Zortzi bikote
Masterra honako zortzi bikoteak ari dira jokatzen: Zeberio II-Ion/Uterga-Etxeberria III; Urriza-Badiola/Ezkurra-Olazar; Matxin III-Urrutia/Juaristi-Iriarte; eta Iñigo-San Miguel/Altuna IIa Etxabe. Fase bakoitzean aurrera egin ahal izateko, joan etorrian jokatutako bi partiduak izango dira kontuan: bi partiduetan tanto gehien lortzen dituen bikotea izango da hurrengo fasera pasako dena. Masterreko txapelduna ere bi finaletan erabakiko da. Lehenengoa maiatzaren 9an jokatuko da, Galarretan, eta bigarrena, maiatzaren 16an Iruñeako Labrit pelotalekuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!