Etxeberri eta La Cumbre lotzeko bide berria egiteko akordioa datorren astean Plenora

Kronika - Erredakzioa 2009ko api. 18a, 02:00

florida eta Etxeberri inguruan hainbat errepide egiteko akordioak aztertu dira aste honetan Hirigintza Batzordean. Alde batetik, La Cumbretik Etxeberrira bidea egiteko hitzarmen bati oniritzia eman zitzaion batzordean. Bidea egiteko Vista al Sol finka inguruko lurrak hartu behar dira eta horren bueltako hitzarmena da batzordean aztertu eta onartu zena. Hitzarmen hau datorren astearteko Plenoan aztertuko da, eta onartzen bada, erakusketa publikoan jarriko dute alegazioak aurkeztu nahi badira. Alegaziorik izango ez balitz hitzarmena onartu egingo litzateke. Plenoa asteartean izango da, arratsaldeko 18:00etan.

Sagastiyako etxeetarako sarrera berria
Bestalde, Etxeberri auzoko sarreran dagoen Nisuma etxe ondoko lurrak Udalaren eskuetan uzteko akordioa ere aztertu zen Hirigintza Batzordean. Kontua da, Eusko Jaurlaritzak Sagastiyan egingo dituen etxebizitzen obrak maiatzean hasiko direla, eta obrak hasterakoan, Sagastiyako hainbat etxeek ezin izango dutela orain arte erabili duten sarrera eta irteera erabili. Hori dela eta, sarrera-irteera berri bat egingo dute, eta horretarako Nisuma etxe inguruko lurrak hartu beharko lirateke. Hitzarmen hau ere datorren asteko Plenoan aztertuko da, eta onartuz gero, aurreko hitzarmena bezala, erakusketan jarriko litzateke alegazioak aurkeztu nahi badira.

Galarretako pabiloiak
Galarretako pabiloien inguruko beste puntu bat ere aztertu zen Hirigintza Batzordean. Volvo ondoan, Chillida Leku aldera, dauden pabiloiak berrantolatzeko plana aztertu eta onartu zen eta puntu hau ere astearteko Plenoan bozkatuko da. Onartzen bada, behin betiko onarpena izango luke plan honek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!