AZKEN asteetan Diputazioak etxeetara egindako errenta aitorpenak edo autolikidazioak bidali ditu. Errenta aitorpena egiteko kanpaina apirilaren 21etik ekainaren 25era izango da, baina etxean autolikidazioak jaso dituztenek dagoeneko egin dezakete tramitea, onartzeko. Tramite hau egiteko epea maiatzaren 8an bukatuko da.
Autolikidazioa
onartzeko
Etxean jasotako autolikidazioarekin konforme egonez gero bide bat baino gehiago daude onarpena emateko. Alde batetik, internet bidez egin daiteke Diputazioko Ogasun Sailaren web orrialdearen bidez: www.gipuzkoa.net/ogasuna/renta. Beste bide bat, 902 100 040 telefonora deitzea da, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara.
Onartzen ez bada
Autolikidazioa onartzen ez bada, errenta aitorpena norberak egin dezake:
-Paperean: estankoan papera eskuratu eta norberak etxean kalkuluak eginda. Papera banketxean aurkeztu daiteke. Kalkulu akatsak saiheste aldera gomendatu dute beste bideren bat aukeratzea.
-Hitzordua eskatu, eta horretarako prestatutako bulegoan, teknikari batek lagunduko dio herritarrari aitorpena egiten. Horretarako errenta egiteko paperak eraman behar dira eta aldez aurretik hitzordua eskatu. Hernanin, Latsunbe berri kaleko 8-9garren zenbakian dago bulegoa. Errenta mekanizatua apirilaren 20tik ekainaren 12ra bitartean egin ahal izango da. Hitzordua eskatzeko: 902 100 040.
-Internet bidez ere egin daiteke, errenta aitorpena egiteko programa internetetik jaitsita eta aitorpena programa horren bidez eginda. Errenta aitorpena internetez bidali beharko litzake. Helbidea: www.gipuzkoa.net/ogasuna/renta.
Errenta aitorpena aurkezteko epea apirilaren 20tik ekainaren 25era izango da.
Autolikidazio gehiago bidali dira aurten
Diputazioak azaldutakoaren arabera, autolikidazioen aldeko apustua ari dira egiten. 2000garren urtean 3.286 autolikidazio bidali zituen, %1,1. Aurtengo kanpainan 380.000 autolikidazio bidali ditu, %65. Hau da, hiru gipuzkoarretik bik jaso dute errenta aitorpena eginda etxean.
Azken kanpainako datuak
Diputazioak emandako datuen arabera, joan den urteko kanpainan, 100,2 milioi euro itzuli zituen; eta bestalde, Diputazioak 19,6 milioi euro jaso zituen.