HERNANIKO saskibaloi taldeek apirila bukaeran hitzordu garrantzitsuak izango dituzte. Senior mailako taldeak, regionaleko aurreneko mailan ari da jokatzen eta denboraldia bukatzeko hiru partiduren faltan, sailkapen erdialdean nahiko eroso dabil. Bestelakoa da, ordea, junior eta kadete mailako taldeen egoera. Izan ere, bi taldeak aurreneko mailan egoteko faseak hasiko dituzte apirila bukaeran.
Juniorrek aurreneko
maila helburu
Junior mailako taldeak, bigarren mailan jokatu du aurten. Taldeak aurreneko urtea izan du junior mailan. Joan den denboraldian kadete mailan, aurreneko mailan jokatu zuen talde honek eta 6garren postua lortu zuten sailkapenean. Aurtengo helburua zuten aurreneko mailara igotzea, datorren denboraldian maila horretan jokatzeko. Helburua lortzeko bidean dira, izan ere, Igoera Fasea jokatzeko sailkatu dira. Igoera Fasea hiru partidutara jokatuko dute, apirilaren 25ean eta maiatzaren 9 eta 16an, BKL Beasainen kontra. Bi partidu irabazten dituenak igotzea lortuko du.
Kadeteek aurreneko mailan mantentzea amets
Kadete mailako taldeak, aurreneko urtea zuen baita ere maila horretan. Joan den urtean juniorrek egindako lanari esker aurreneko mailan jokatu dute aurten. Hala ere, gogorra egin zaie, aurreneko urtea izateko maila oso altuko taldeak izan baitituzte aurkari. Orain aurreneko mailari eusteko fasea jokatuko dute, juniorrek bezala, apirilaren 25ean, eta maiatzaren 9 eta 16an. Hiru partiduak Santo Tomas Lizeoa-Lizardi taldearen kontra jokatuko dituzte. Kontuan hartu behar da Santo Tomas Lizeoa aurreneko mailan aritu dela jokatzen, eta nahiz eta sailkapeneko azpikaldean sailkatu, talde gogorren kontra jokatzen ohitua dago.
Hala ere, bai kadeteak eta baita juniorrak oso motibatuta daude aurrean duten erronkari aurre egiteko eta gogoz hasiko dira entrenatzen Aste Santuko oporraldiaren ondoren.
Sei urte saskibaloi
elkartea martxan jarri zela
Sei urte dira saskibaloi elkartea martxan jarri zela Hernanin. Hasieran infantil mailako jokalariekin hasi ziren, gaur egun senior mailan dabiltzan jokalariekin. Eskolarteko maila utzi eta kadete mailako talde federatua izateko saltoa ematerako garaian erabaki zuten saskibaloi elkartea sortzea, guraso talde batek lagunduta.
Gaur egun hiru ekipo daude Hernanin eta infantil mailako neska-mutil gazteekin lanean jarraitzen dute. Esaterako, orain, Aste Santuko oporraldien ondoren Saskibaloia igandeetan izeneko igande goizetako teknifikazio saioekin jarraituko dute.
Beste alde batetik, ekainaren 29tik uztailaren 3ra, datorren denboraldian in-
fantil mailan ariko diren jokalariekin 5 egun egingo dituzte Urnietako Salesiarretan. Izena emateko orriak aurrerantzean banatuko dituzte ikastetxeetan.
Bestalde, saskibaloi elkartean entrenatzen hasi nahi duenak, kiroldegian arduradunengatik galdetu besterik ez du.